Gazte talentua hirian sustatzeko gida aurkeztu dute EKINNen

Donostia Sustapenak bultzatuta, Hiri eta erakundeetan Gazte Talentua Sustatzeko Lankidetza Gida osatu dute hainbat eragilek elkarlanean, COTEC fundazioaren bidez. Ostiralean aurkeztu zuten, San Bartolomeko EKINN eraikinean. Hemen ikus daiteke txostena osorik.
Hamazazpi erakunde publiko eta pribatuk osatutako talde baten lanaren emaitza da gida, eta “tresna praktikoak, adierazleak eta kasu inspiratzaileak” biltzen ditu, hiriei gazteen garapen profesionala eta pertsonala erraztuko duten estrategiak diseinatzen laguntzeko. Bertaratutako guztiek argi adierazi dute, gazteei “entzun” egin behar zaiela, eta haien beharrak erdigunean jarri behar direla, modu batez, edo bestean.
Aurkezpen ekitaldian Cristina Garmendia COTECeko presidenteak, Ane Oiarrbide Donostiako Udaleko Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak eta Iñigo Olaizola Donostiako Sustapeneko zuzendari kudeatzaileak parte hartu zuten, baita egitasmoan parte hartu duten hainbat erakundek: Malagako Udala, Bartzelonako Udala, Granadako Unibertsitatea eta Tecnalia, besteak beste.
Lau jarduera ildo
Dokumentua lau jarduera ildo nagusiren inguruan egituratzen da: etorkizunerako hezkuntza eta prestakuntza; lan merkaturako sarbidea eta garapen profesionala; bizi kalitatea; eta herritarren parte-hartzea. Ardatz horietako bakoitzak gazteek “hiri ingurunean dituzten erronka eta aukera nagusiak jorratzen ditu: hezkuntza sistemak lan merkatuaren eskaeretara egokitzea, etxebizitza eskuragarria bermatzeko beharra eta gazteek komunitate-bizitzan parte har dezaten sustatzea”.
Jasotako 25 kasuen artean, honako ekimen hauek nabarmendu dituzte: Malagako Eduki Digitalen Polo Nazionala, 8.900 gazte baino gehiago trebatu dituena gorabidean dauden sektoreetan, hala nola bideojokoetan eta errealitate birtualean, eta Barcelona Activako El Convent, “gazteak lan merkatura igarotzeko erreferentziazko gunea, zerbitzu pertsonalizatuekin eta malguekin”.
Azaldu dutenez, bost helburu ditu lanketa honek: “Hiriaren perspektiba integraletik ekitea; kolaborazio publiko-pribatua sustatzea; Politika lokalean parte hartze gaztea integratzea; globalki pentsatzea eta lokalki ekitea; eta ekiteko neurtzea”.
Gidak ez ditu errezeta itxiak eskaintzen, baizik eta proposamen irekiak, lurralde bakoitzaren errealitatera egokitu daitezkeenak, tokiko politika inklusiboagoak eta eraginkorragoak errazteko, talentu gaztea erakartzeko eta atxikitzeko.
Donostiako hainbat gazte ekintzailek ere parte hartu zuten ostiraleko aurkezpenean. Donostian “talentua mantentzeko” ikusten duten arazo nagusia, etxebizitzaren egoera larria dela uste dute den-denek. Edonola ere, ekintzailetzaren bidez, eta programa sendoekin lagunduta, aurre egin dakiokeela uste dute. Donostia Sustapenaren laguntza ildoak bereziki goraipatu dituzte.