Martin Zubimendiren agurra ez da harro egoteko modukoa
Uliako jokalariak Reala utzi eta Arsenalen ariko da datozen bost denboralditan. 70 milioi euro jasoko ditu klub txuri-urdinak.

Harrobiaz harro egoteko arrazoiak ditu Realak. Ordea, harrobiko jokalari batek Reala uztea erabakitzen duenean, agurra ez da harro egoteko modukoa. Martin Zubimendi jokalari donostiarraren etorkizuna atzo argitu zen, eta ez zuen inor ezustean harrapatu. Londresko Arsenal taldean jarraituko du bere kirol ibilbidea. Bost urterako kontratua sinatu du, eta Realak trukean 70 milioi euro jasoko ditu; hori bai, epeka.
Zubimendik etxeko taldea uztea erabaki du 236 partida ofizial jokatu ostean. 2019an lehen taldearekin debuta egin zuenetik, pixkanaka, jokalari erabakigarria bihurtu zen, eta azken bi urteotan Reala uzteko eskaintzak jaso ditu. Pasa den udan geratzea erabaki zuen, baina jakina zen haren asmoa: Reala uztea.
Horregatik, atzo zale asko amorratu ziren klub txuri-urdinak sareetan Uliako erdilariari eskainitako agurrarekin. Izan ere, harrobiko jokalari batek joan nahi izatea ez da albiste ona. Etxeko atea kolpetik ixtea ez da onena izango, baina atzo erakutsitako esker oneko hitzekin, klubak harrobiari zuzendu zion mezua argia da: etxetik joan nahi baduzu, atea zabalduko dizugu.
Gaur goizean abiatu du Realak denboraldiaurrea Zubietan, eta ez da kasualitatea Zubimendiren falta bezperan iragarri izana. Orain, donostiarraren ordezkoaren bila dabiltza zaleak eta kirol kazetak. Etxetik kanpo jarri dute fokua askok, Zubietan aukera ugari daudenean. Ikusteko dagoena da klub txuri-urdinak zer lehenesten duen, jasotako diruaren zati bat ordezko bat ekartzeko gastatzea edo harrobiko baten aldeko apustua egitea.