Martuteneko auzo elkarteak Dbusen 26 linearen zerbitzua hobetzeko eskatu dio udalari

Abuztutik aurrera, 28 Amara-Ospitaleak linea Easotik igaroko da berriz ere, eta 26 Amara-Martutene linearekin hori bera egitea aztertzen ari da Mugikortasun Saila. Horren aurrean, “harrituta” agertu da Martuteneko Sarroeta auzo elkartea, eta 26 lineak “beste lehentasun batzuk” dituela ohartarazi dute: “Martuteneko bizilagunek galdetu dute zergatik udalak Easo kaletik igarotzea lehenetsi duen, auzoak behin eta berriz eskatutako hobekuntzei muzin eginez eta bidaiaren denborak murriztu gabe jarraituz”.
Hain zuzen ere, auzo elkarteak Martuteneko Dbusen 300 bat erabiltzaileren artean inkesta bat egin zuen. “Martuteneko bizilagunen ustez, 26 linea Easotik igarotzeak erabiltzaile batzuei mesede egin diezaieke, batez ere Erdialdean bizi direnei, baina orain lehentasunak beste batzuk direla nabarmendu dute”, adierazi dute. Esaterako, 26 linearen maiztasunak hobetzea eta 4 kilometroko ibilbidea egiteko “ia ordubeteko galera” saihestea eskatu dute.
Horiek horrela, 26 linearen 12 minutuko edo gutxiagoko maiztasuna berrezartzea nahi dute. “Martutenetik Bulebarrerako egungo bidaia denborak 35 eta 45 minutu bitartekoak dira. Itxaronaldiak, berriz, hamabost minutukoak lanegunetan, hogei minutukoak jaiegunetan”, azaldu dute. Bestalde, linea beraren gaueko zerbitzua luzatzea eskatu dute: “Martutenen, eskola garaian, azken autobusa 21:40an ateratzen da, langile, ikasle eta gazte asko garraiorik gabe utziz”.
Ibilbidean ere aldaketa bat egitea nahi dute bizilagunek. Hau da, autobusa berriz ere igarotzea Etxarriene, Elenategi eta Goizueta kaleetatik. “Bost urte iraun duten behin-behineko biribilgunearen obrak direla eta kendutako geralekua berreskuratu nahi dugu. Gaur egungo azken geralekuak, gasolindegi zaharrekoak, auzoaren herena kanpoan uzten du eta mugikortasun urriko bizilagunek 350 metro baino gehiago egin behar dituzte oinez”, nabarmendu dute.
31 linea eta lotura zuzena
Beste autobus linea bat Martutene barrura sartzea eskatu dute auzotarrek: 31 linea. “27 Industrialdean gelditu ondoren, auzora sartzea eta bizilagunei zerbitzua ematea nahi dugu, ospitalera autobusa aldatu gabe joan ahal izateko.
Erdialdera zuzenean eta 30 minutuko tartean iristeko autobus zerbitzua behar dutela adierazi dute: “Loiolatik, Txominek eta Martutenetik Erdialdera zuzenean joateko zerbitzua behar dugu, Dbusen 26 linearen saturazioa arinduz. Gaur egun, zazpi auzo zeharkatu eta hogei geraleku egiten ditu”.