Zientzia eta Ezagutzaren eta Zeharkako Zerbitzuen koordinatzaile berriak izendatu ditu udalak

Donostiak Udalak bi izendapen onartu ditu Tokiko Gobernu Batzordean. Jone Argoitia Alkorta izango da aurrerantzean udaleko Zeharkako Zerbitzuen koordinatzailea, eta Agustin Erkizia Olaizola izango da Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzailea.
Kargu sortu berria da Zientzia eta Ezagutzaren koordinatzailearena, eta hiriak sektore zientifiko eta teknologikoko enpresentzako eta profesionalentzako erakarpen leku gisa duen posizionamenduaren barruan kokatzen da. Zeharkako Zerbitzuen koordinatzaile postua, berriz, 2019an sortu zen. Biek maila berean lan egingo dute udal organigramaren barruan, eta zuzenean Alkatetzaren menpe egongo dira, hirirako proiektu estrategikoak bultzatuz.
“Hiria zientzian, ezagutzan, berrikuntzan eta ikerketan erreferente gisa sendotzea eta indartzea izango dute helburu bi postu horiek, eta tartean dauden eragile guztiekin lan egiteaz eta koordinatzeaz arduratuko dira”, azaldu du Eneko Goia alkateak
Jone Argoitia
Zuzenbidean lizentziaduna da, eta 30 urte baino gehiagoko esperientzia du administrazio publikoan, zuzendaritza juridikoko, langileen zuzendaritzako, proiektuen zuzendaritza eta sustapeneko, aholkularitza juridikoko eta sailaren zuzendaritzako lanpostuetan duen esperientzia barne.
Hamalau urtez udal idazkaria izan da, eta eginkizun hauek bete ditu, beste batzuen artean: udal idazkaritza, udal kudeaketaren zuzendaritza eta sustapena, udal langileen arteko zuzendaritza eta koordinazioa, udal eremuko proiektuak, hitzarmenak eta akordioak egitea, eta esku hartzeko eginkizunak betetzea.
Bestalde, Udaltzaingoaren Zerbitzu Orokorretako arduraduna izan da sei urtez, kudeaketa hobetzeko proiektu garrantzitsuak bultzatuz. Gainera, Udaltzaingoaren aholkulari juridikoa izan da hiru urtez, eta, ondoren, Mugikortasuneko zuzendaria izan da zazpi urtez, gaur egun arte.
Agustin Erkizia
Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktorea da, unibertsitateko irakaslea, eta 30 urtetik gorako esperientzia du EHUn administrazio zuzendaritza eta kudeaketako eginkizunetan. Gainera, Elias Querejeta Zinema Eskola sortzeko unibertsitateak izendatutako kudeatzailea izan da, unibertsitateko hainbat katedren bultzatzailea, Korta II eta Ikerbasque eraikinen eraikuntzarena, Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektuen Bulegoko kidea eta EHUren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Donostiako Udalaren arteko hitzarmenen bultzatzailea.
Zientziaren eta ezagutzaren arloan esperientzia handia du, EHUko hainbat programaren antolatzailea, Vicomtech zentro teknologikoaren patronatuko kidea, EHUren aldetik Quantum Center-a sustatu duena edo hainbat ikerketa taldetako kidea izan baita. Donostiako Udaleko Gizarte Kontseiluko kide eta 2017tik Plan Estrategikoaren Lantaldeko presidente ere bada.