Hiru proiektu aurkeztu dituzte Easoko etxebizitza proiektu anbiziotsurako
400 eta 500 etxebizitza berri egingo dira bertan eta "erakundeen borondatea" da guztiak babestuak izatea.

Easoko operazio urbanistiko garrantzitsuak aurrera pausu garrantzitsu bat eman du gaur. Lehiaketan aurkeztu diren bost proiektu irabazleak aurkeztu dituzte, eta horietatik hiru pasatuko dira hurrengo fasera. Herritarrek aukera izango dute ekarpenak egin eta hiru horietako bat aukeratzeko, datorren udaberriaren aurretik.
Halaxe azaldu dute Eneko Goia alkateak eta Denis Itxaso Etxebizitza Sailburuak elkarrekin egin duten prentsaurrekoan. Tren geltokia desagertzearekin batera, 21.000 metro koadro libratzeak “hiriarentzat aukera” paregabea dela ziurtatu dute bi agintariek.
400 eta 500 etxebizitzen artean egingo diren proiektua aurreikusten dute Playa de Vias deitzen den eremuan eta den-denak babestuak izatea da “borondatea”. Edonola ere, ohikoa den moduan, “bideragarritasunaren arabera” egonen da baldintzatua proiektua, Goiaren esanetan. Proiektuaren lurrak Jaurlaritzarenak eta udalarenak direnez gero, ohikoa baino erraztasun gehiago daude babestuak izateko, baina gaur gaurkoz ez dago erabateko bermerik.
Herritarrek izango dute erabakitzeko ahalmena. Mugak arkitektura bienalean aurkeztuko baitira hiru proiektuak, eta bertan eztabaidatu, ekarpenak jaso, eta erabakiko da zeinek egingo duen aurrera. Horretarako “ekarpenak eta iradokizunak txertatzea”, “bizitoki beharrei erantzutea” eta “bideragarritasun ekonomikoa eta hiri kalitatea bermatzea” eskatuko zaie proiektuei. Behin erabakita zer den egin asmo dena, HAPOa aldatzea egokituko zaio udalari. Udaberritik aurrera egitea aurreikusten dute honako hau.
Hiru proiektu
Habitar el bosque urbano Amado Martin, Bartzelonako JPAM arkitektura bulegoaren proiektua izan da irabazlea, 50.000 euro jasoaz. Azaldu dutenez, “proposamen garaikidea, gaztea eta freskoa” da. Parke handi eta finkatu bat eskaintzen du, baita erabilera hibridoen nahaste bat ere,400 etxebizitza inguru proiektatuz.
Bigarren saria RAZ bulego donostiarrak eta Usandizaga bulego gasteiztarrak aurkeztutako Kalerik Kale plazarik plaza proiektuarentzat izan da. Agintariek azaldu dutenez, akaso oso bideragarria ez den arren, “ausartena eta berritzaileena” den proiektua da honakoa, eta “eztabaidatzea merezi duena”. Besteak beste, parke zentral handi bat proposatzen du, Gernikako Arbolaren pasealekua lurperatzea, eta ia Artzain Onaren altuera izango duen dorre handi bat.
Eztabaidagai izango den hirugarren proiektua Hari berdez hiria josi izango da, Juan Beldarrain arkitektoaren eskutik. Itxasok azaldu duenez, “etxebizitzen definizioan duen kalitate arkitektonikoagatik nabarmentzen da”, eta duen praktikotasunagatik pasako da bigarren fasera.
Hiru sari banatu dituzten arren, hiru proiektuak modu berdinean eztabaidatuko direla ziurtatu du Goiak.