«Agintarien aurrean ez da obedientea izan behar, errebeldea baizik»
Bizitza Jokoan kanpainaren bigarren fasea abiatu du Mugarik Gabe elkarteak. Klima larrialdia eta giza eskubideen urraketaren arteko harremana dute hizpide. Horren harira, Dalila Arguetak (Guapinol, Honduras, 1988) hitzaldia eskaini zuen Tomasene Kultur Etxean.

Bizitza Jokoan kanpainarekin bat egin zenuen zure testigantza emateko. Hain zuzen ere, ondo dakizu zer den bizitza jokoan jartzea?
Bai, aspalditik izan da nire errealitatea. Baita komunitate askorena ere, Guapinoleko nirearena barne. Gure bizitza duela urte batzuetatik dago jokoan.
2019an, Hondurastik ihes egin behar izan zenuen segurtasun arrazoiengatik. Erabaki gogorra izan zen?
Errealitate horren basatiaren aurrean, dugun azken aukera da. Izan ere, bizirik jarraitzea ere nire eskubidea da, ezta? Nire komunitatearen eta ama lurraren defentsak nabarmen zaildu zuen Hondurasen jarraitzea. Beraz, nire herrialdea utzi behar izan nuen. Horretarako, Hondurasko Giza Eskubideen Defentsa Sare Nazionalaren laguntza izan nuen.
Presio eta mehatxu asko jaso zenituen?
Hondurasen bizi den indarkeria maila oso altua da. Guapinolen erresistentziaren parte nintzelako mehatxuak jaso nituen, eta gorputzean beldurra sartu zidaten. Nire bizitza arriskuan zegoela ikustean, desagertzea eta lehen planotik kentzea erabaki nuen. Horrela ere, nire bila jarraitzen zuten, nire ingurukoei galdetzen eta bizi nintzen etxeko kaleak zeharkatzen. Ondorioz, ospa egin behar izan nuen. Ordea, arazoak bere horretan jarraitu zuen.
Eta zer da zehazki Guapinolen gertatzen dena?
Aire zabaleko meatzaritza proiektu handi bat aurrera eramaten ari dira, gure komunitateari eta beste hainbati eragiten diena. Botadero mendia eta haren ingurua ustiatzen eta kaltetzen ari da Inversiones Los Pinares enpresa. Babesturiko 600 hektareako eremua eta erreserba naturala da. Hondurasko Gobernuak 30 urtez ustiatzeko baimena eman zion enpresari.
Horren kontra egiteko elkartu ginen Guapinoleko nekazari eta herritarrak, eta mendi horretatik sortzen dira 34 ur iturri naturalak babesteko. Tartean, Guapinol ibaia. Komunitate gisa, guretzat hain beharrezkoa eta oinarrizkoa den baliabidea arriskuan badago, altxatzea eta defendatzea besterik ez duzu. Emariak ez ezik, gure komunitatearen bizitza eredua ere babestu nahi dugu.
Zeintzuk dira zuen lurretatik ustiatzen ari diren mineralak?
Enpresak aitortzen duen bakarra burdina da. Ordea, gure lurrak oso aberatsak dira mineraletan. Burdina da gutxien ordaintzen den minerala, baina ez dugu prozesatzeko labe bat. Hainbat ikerketen bidez jakin ahal izan dugu AEBetara eramaten dela mineralen %60, eta gainerakoa argitu ahal izan ez dugun Europako herrialde batera.
«Errealitate horren basatiaren aurrean, dugun azken aukera da. Izan ere, bizirik jarraitzea ere nire eskubidea da, ezta?»
Noiz hasi zineten borrokan, eta ordutik hona zenbat aldatu da egoera?
2018ko abuztuaren 3an, kanpamentu bat altxatu genuen makinekin mendian eragiten ari ziren triskantza gelditzeko. Urria bukaera bitarte egin genuen erresistentzia, militarrek eta poliziek bota gintuzten arte, gobernuak horrela aginduta. Argi geratu zen etsaiak enpresa ustiatzailea eta estatua zirela. Ordutik, gure ekintzaile asko hil dituzte. 2023ko urtarrilaren 6an, sikario batzuek Ali Dominguez eta Jairo Bonilla tirokatuta erail zituzten. Aldiz, pasa den urteko irailaren 11n, Juan Lopez politikari eta laguna hil zuten, gertatzen ari zenaren ustelkeria komunikabideen aurrean salatzeagatik, besteak beste. Elizatik atera berritan tirokatu zuten, haren autoan, alabaren eta emaztearen aurrean.
Erresistentziako kideen hilketak itsasoaren bestaldetik bizi behar izan dituzu. Izan ere, Honduras utzita, Espainiara joan zinen, babesleku baten bila. Ordea, asilo politikoa lortzea kostatu zitzaizun.
Madrilera ekarri ninduten, zementuzko oihan batera. Niretzat, oso gogorra izan zen nire herrialde berdea utzi, eta halako leku batera iristea. Handik Zaragozara eraman ninduten, zuhaitzik gabeko mendiak dituen zonalde batera. Uste nuen Espainia gaixo zegoela. Asilo eskaerari dagokionez, 2019tik 2021era bitartean ez nuen erantzunik jaso. COVIDa iritsi zen, eta dena moteldu zuen. Oso gaizki pasatu nuen etxean sartuta, eta nuen beldurra areagotu zitzaidan. Zorionez, eta nire egoera ezagututa, handik ateratzeko aukera bat eman zidaten.
Eta Euskal Herrira 2021ean iritsi zinen. Zehazki, Arratia bailarara, ezta?
Bai, eta ez nuen Euskal Herria ezagutzen. Ez nekien mapan kokatzen. Herrialde batean beste herrialde desberdin bat aurkitu nuen. Hizkuntza, historia eta kultura propio bat dituena. Lurra lantzen eta errespetatzen duena.
Zoragarria izan zen Arratiara etortzea. Basoa egitasmoaren berri izan zuen babesten nauen sare hondurastarrak. Hain zuzen ere, defendatzaileentzako etxe bat da. Niretzako leku aproposa zela iruditu zitzaien, eta horrela izan zen. Barnean nituen zauri asko sendatu nituen han, beste defendatzaileen testigantzek aberastu ninduten eta nire borrokarekin jarraitzeko aukera eman zidan.
Donostian ere izan zara hainbatetan. Dena dela, ezagutzen dituzu hiriko auzotarren eta auzo elkarteen borrokak?
Horietako hainbaten berri eman izan didate. Batez ere, turismo neurrigabearekin dauden arazoak ikusi ditut nire begiekin. Turismoa zaintzen ez bada, bertako herritarren desplazamenduak eragiten ditu. Ordea, donostiarrek haien auzoan eta hirian bizitzeko eskubidea dute.
Bestalde, jakin badakit berdeguneak kaltetu izan direla enpresa pribatuen mesedetan. Udala da horren erantzulea eta konplizea. Horregatik, edozein dela afera, herritarrak antolatzea eta udaletxearen aurrean protestak egitea ezinbestekoa da. Agintarien aurrean ez da obedientea izan behar, errebeldea baizik.