Amara Berriko karmenak, urte osoa ospatzeko
Asteazkenean hasita, eta igandera arte, Amara Berrin ere ospatuko dituzte Karmengo jaiak. Amara Berriko auzo elkarteak antolatuta, hainbat jarduera izango dira auzokideentzat, tartean, arrandegiei omenaldia eta danborrada.

Badira berritasun gehiegirik behar ez duten egitarauak. Amara Berriko auzo elkarteak sustatuta, Karmengo jaiak ospatuko dira beste urte batez auzoan eta Nerea Albisu antolatzaileak azaldu duenez, azken urteetako egitarauarekin jarraituko dute aurten ere. Hemen daukazue egitarau osoa.
«Ez da berritasun handirik, baina ez da behar ere. Jai xumeak dira gureak, eta horrekin gustura gaude», azaldu du Albisuk. Bere iritziz, «lehen fundamentu gehixeago zuten jaiek», alegia, jende gehiago zebilela antolakuntzan parte hartzen. Lantalde txikia izanagatik, ordea, egitarau polita osatzen dute urtero, eta aurten ez da gutxiagorako.
Omenaldia arrain saltzaileei
Auzo berri xamarra da Amara Berri eta ez dago tradizionalki arrantzari lotuta. Hala ere, kale izen askok arrantzarekin lotura dutela eta, hasi ziren Karmenak ospatzen —Baleazaleak, Ternuako arrantzaleak…—. Duela urte batzuk, gainera, auzoko arrandegiei omenaldia egiten hasi ziren.
«Niretzat, egun garrantzitsuena da Karmengo Ama Birjinaren eguna da, asteazkenean. Omenaldia egiten diegu arrain saltzaileei, lore sortak banatuz eta oso hunkigarria da» azaldu du. «Beti gabiltza auzoko komertzioei eskean, baina eman ere egiten dugu», dio, pozik.
Auzoan jai mordoa dute bestela, izan Super Xagu jai batzordeak urrian antolatzen dituenak, Ikasbidek antolatzen dituen sanjoanak eta Amara Berri eguna. Horregatik karmenak, bere xumetasunean, ekarpena dira auzotarren bizitzan. «Antolatzaileok, behintzat, ondo pasatzen dugu», dio umorez Albisuk.
Baina ez hori soilik. Ikasturte osoan zehar auzo elkarteak egindako lanketa eta borroka eta esfortzuak ospatzeko data bat dela baieztatu du Albisuk. «Auzo elkartea hainbat sailetan banatuta dago, eta bakoitzak bere lana egiten duen arren, astean behin dena jartzen dugu komunean», azaldu du. Honela, auzo elkarte barruan daude jai batzordea, topoaren inguruko lanketa egiten duen taldea, Gobernu Zibila kultur etxe bihurtzeko lanketa egiten ari direnak eta zaintza taldea. «Azken honek, auzoko jende helduarekin lan egiten du». Jaiak, beraz, guztia batu eta ospatzeko baliatzen dituzte: «Topoaren inguruan lanketa handia egin dugu aurten, eta hori ospatu behar dugu».