Donostiakoa izango da hirugarren bandera
Euskotren eta Eusko Label ligetako hirugarren eta laugarren jardunaldiak jokatuko dira asteburuan. Biharko estropada, Kontxako Badian izango da.

Iraila oraindik urrun ikusten bada ere, traineruak Kontxako Badian ariko dira bihar (17:25). Izan ere, Euskotren eta Eusko Label ligako jardunaldia Donostian izango da, eta Kaiarriba Donostiarra klubak antolaturiko Fabrika bandera izango dute jokoan.
Donostia Arraun Lagunak denboraldiko hirugarren estropada eta bandera irabazten ahaleginduko da. Batez ere, Euskotren ligaren lehen bi jardunaldietan erakutsitako maila ona berretsi eta lidergoari eusteko. Orio eta Tolosaldea izango dira arerio zailenak, okerrik ezean. Donostiarrako neskek, berriz, Bizkaiko uretan erakutsitako maila irregularra iraultzen ahaleginduko dira. Aldaketa asko izan ditu taldeak, eta gazteak dira batez beste arraunlariak. Lau onenekin aritzea lortzen badute, beste urrats bat egingo dute. Ikusi sailkapena.
Eusko Label ligan Oriok gainerako guztiei aurrea hartu zien lehen asteburuan, baina distantzia laburtzeko gaitasuna erakutsi zuten Donostiarrako mutilek. Biharko estropadaren antolatzaileak izanik, beste urte batzuetan lorturiko garaipena errepikatzeko aukerak dituzte. Zierbena, Urdaibai, Hondarribia eta Getaria ez dira aparte izango. Beraz, lehiakide gogorrei aurre eginda soilik astinduko dute bandera. Ikusi sailkapena.
Etzi, Zierbena
Bizkaira bueltatuko dira ontziak igandean, asteburuko bigarren estropada jokatzeko. Zierbenan izango dute laugarren jardunaldia, eta 11:25ean hasiko da emakumezkoen lehia. Normalean izan ohi den moduan, larunbateko emaitzak baldintzako du igandekoa.