Jaurlaritzak gomendatu du: Auditz Akularren ez da eraiki behar
HAPOaren aurrerakinaren ingurumen azterketa estrategikoaren irismenari buruzko dokumentua ondu du Eusko Jaurlaritzak, eta Auditz Akularreko hirigintza garapena (3.000 etxebizitzakoa) «ezestea» gomendatu du. Hori baliatuta, banderola berdeen kanpaina indartu du Altza XXI-k.

Hogei urtetik gora pasatu dira Auditz Akularren milaka etxebizitza eraikitzeko proiektuaz hitz egiten hasi zenetik, Odon Elorza alkate zen garaiko proiektua baita. Altza XXI Herri Ekimena, beste eragile eta norbanako ugarirekin batera, hasiera-hasieratik borrokatu da horren aurka, Altzak nahikoa porlan eta masifikazio eta bestelako gabezia handiak dituela argudiatuta. Izan ere, berdegune handi bat da Auditz Akular, balio natural eta ekosozial garrantzitsua duena eta hirian urbanizatu gabe gelditzen den eremu esanguratsuena.
2008ko krisi ekonomikoa tartean, proiektua geldirik egon da urte luzez eta ezer gutxi hitz egin da horretaz. 2023ko urrian, ordea, hiri antolamenduko plan orokorraren (HAPO) berrikuspen prozesuaren testuinguruan, Eneko Goia alkateak publikoki berretsi zuen Auditz Akularren eraikitzeko asmoa: «Eremu horrek urbanizatzeke jarraitzen du, eta zerbait egin beharko da, udalak lursail handi bat duelako han, bere garaian eskuratutakoa, hiriko etxebizitza eskaintza handitzeko».
Hain zuzen ere, HAPOaren berrikuspeneko aurrerakin dokumentuan proposatzen da eremu horretan 3.000 etxebizitza eraikitzeko proiektua txertatzea behin betiko planean (2.500 inguru babestuak), dagoeneko urbanizatuta dauden mugetatik harago ez haztearen irizpidearen salbuespen nagusi gisa. Hala ere, baliteke HAPO berria eduki arte ez itxarotea, Auditz Akularreko garapena, egungo plan orokorraren «aldaketa puntual» baten bidez, legealdi honetan bertan martxan jartzeko asmoa agertu baitu Goiak, berriki, Gipuzkoako hedabide bati eskainitako elkarrizketan.
Horren guztiaren aurrean, hainbat pauso eman ditu hilabeteotan Altza XXI-k, Auditz Akular berde mantentzearen eta bestelako hiri eredu baten alde: mobilizazioak, ekitaldiak, argitalpenak prentsan, azterketa zehatzak, eta abar. Orain, asko «poztu» dituen albiste bat jaso dute, Eusko Jaurlaritzak «gomendatu» baitu Auditz Akularreko «garapen proposamena» ezeztea.
Zehazki, honakoa dio Jaurlaritzaren dokumentuak: «Hartuko lukeen azalera handia eta nolabaiteko interes ekologikoa duten ibarbideetan izango lukeen eragina kontuan hartuta, Auditz Akularren garapen proposamena ezestea gomendatzen da. Proposamenari eustea erabakiz gero, alde batetik, behar bezala justifikatu beharko da jasangarritasunaren aldetik, eta, bestetik, proposatutako mugaketa eta antolamendua berrikusi beharko dira, ibarbide horiei ahalik eta gutxien eragiten zaiela bermatzeko».
Dokumentu hori legez egin beharrekoa eta «loteslea» dela nabarmendu dute herri ekimeneko kide Isa Pacek eta Aitor Garinek, baina gogorarazi dute Jaurlaritzarena gomendio bat dela eta ez debeku bat: «Auditz Akular ez balitz egongo urbanizagarri gisa sailkatuta, ziur Jaurlaritzak esango zuela bertan ezin dela inondik inora eraiki. Ez dira horraino iritsi, baina gomendioa egitera ausartu dira, behintzat; oso adierazgarria da». Hala ere, udalak eremuaren sailkapena aldatu dezakeela nabarmendu dute: «Antondegiko sailkapena aldatu dute eta dagoeneko ez dute eraikiko». Hain zuzen ere, Martuteneko eremu horretan 3.000 etxebizitza inguru zeuden aurreikusita eta surf parkearen proiektuaren itzala ere eduki zuen gainean, baina herritar ugariren borrokaren ostean, berde mantentzea erabaki du udalak.
Jaurlaritzaren gomendioa «mugarritzat» dute, eta Donostiako etxebizitza beharrari beste ikuspegi batetik heltzeko aukera gisa ikusten dute
Etxebizitzaren afera
Jaurlaritzaren gomendioa «mugarria» dela nabarmendu dute Altza XXI-ko kideek, eta Donostiako etxebizitza beharrari beste ikuspegi batetik, lur ez urbanizatuak okupatu gabe, «behingoz» heltzeko aukera gisa ikusten dute: «Etxebizitza babestua gutxietsi egin dute agintariek azken 30 urteotan, espekulazioari bidea ireki diote eta orain daukagun egoera daukagu. Auditz Akular urbanizatzen 200 milioi gastatu behar dira. Diru horrekin, 4.000 etxebizitza inguru erosi eta babes ofizialeko bihurtu daitezke, eta ez duzu mendia urbanizatzen. Goazen eraikita dagoena berroneratzera. Hori da joera gaur egungo hirigintzan».
Gainera, «egun batetik bestera auzune berri bat sortzeak, bertako etxebizitza babestuetan 2.500 familia berri sartuz eta auzoko ekipamenduak aldatu gabe eta bestelako faktoreetan eragin gabe, Altzako zaurgarritasun soziala areagotu dezake», herri ekimenekoek ohartarazi dutenez. Jaurlaritzak berak duen txosten bat ekarri dute hizpidera, dioena Altza zaurgarritasun sozial oso altuko auzoa dela, hain zuzen ere: «Horrela sortzen baitira desoreka sozialak eta auzo kohesio eza».
Horrez gain, «hiriko erabilera zaharkituko eraikinen bizitegi ahalmena» aztertu dute, eta «oso zuhurrak izanda», uste dute 800 etxebizitza babestu lortu daitezkeela horiek berroneratuz. Ildo horretatik, «gutxiegi erabiltzen diren» hiru gune esanguratsu aipatu dituzte, etxebizitzaren beharrari erantzuna emateko balio dezaketenak: Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartela, Antiguako seminarioa eta Martuteneko Lanbide Heziketako eraikina.
Banderola berdeak leihoetan
Odon Elorzaren garaian egin zuten moduan, Altza gehiago masifikatzearen aurkako banderola berdeen kanpaina abiatu dute berriz ere Altzan, ekialdeko auzoetako (Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta) eragile ugariren babesarekin. Banderola berdeak euro batean daude salgai Nido tabernan, Peñuelo liburu dendan, La Mas Kuki dendan eta Amalur belar dendan, eta altzatar guztiak deitu dituzte banderolak euren leihoetan zintzilikatzera, mezu argi batekin: «Masifikazio gehiagorik ez Altzan!».