Karmen eguna izango da kaiko jaien aurtengo abiapuntua
Kaiko karramarroa prest dago Karmengo jaietarako. Datorren asteazkenean abiatuko dira, uztailaren 16an. Beraz, festen ohiko azken eguna izango da hasiera. Bost eguneko egitaraua prestatu dute, iaz baino egun bat gutxiago. Ordea, jarduera kopuru bera mantendu dute.

Parte Zaharreko eta kaiko herritarren unea eta festa iristear da. Uztailaren 16tik 20ra bitartean egingo dituzte Karmengo jaiak, kaian. Aldaketa esanguratsuena egutegia irauli izana da. Normalean, Karmen egunean bukatzen dira festak, baina aurten kaiko egun seinalatua izango da abiapuntua. Horrez gain, egitaraua murriztea erabaki dute. Bost egunekoa izango da, iaz baino bat gutxiago. «Aldaketak aldaketa, kaiko jaien izaera aldarrikatu nahi dugu. Sinpleak dira gure festak, parte hartzaileak eta auzotarrei zuzendurikoak, batez ere», adierazi du Asier Gurrea jai batzordeko kideak —goiko argazkian karramarroz jantzita ageri dena da—. Hemen daukazue egitarau osoa.
Iazko «giro paregabea» mantentzea dute helburu, festez asko gozatu zutelako. «Gure filosofia da goizetik kaian jarduerak egotea, eta ez izatea soilik arratsaldetik gauerako festa», nabarmendu du Gurreak. Ildo horretatik, pasa den urteko berrikuntzak indartzea erabaki dute: «Arrantzaleen aldeko bazkaria egin genuen iaz estreinakoz, eta harrera oso ona izan zuen. Auzoari begira sortu genuen jaiak borobiltzeko, eta aurten merezi duen tokia ematea erabaki dugu». Horrela, arrantzaleen aldeko bazkaria aurreratu dute, eta hilaren 18an izango da. Egun berean izango da umeen eguna, eta biak uztartuko dituzte.
Gazte eguna, berriz, egunez mugitu dute. «Azken urteotan ostiraletan egin izan dugu. Halere, ostegunera pasatu dugu, historikoki horrela izan delako», azaldu du Gurreak.
Baserritarrei aitortza
Hilaren 16ko jaien hasierako txupinazoaren protagonistak Bretxako baserritarrak izango dira. «Azken urteotan bizitzen ari diren egoera zaila dela eta, merezi duten aitortza eskaini nahi diegu. Proposamena luzatu genien, eta berehala eman ziguten baiezkoa. Esateko dutena entzun nahi dugu», esan du Gurreak.
Kukaña izan ohi da kaiko jaietako bereizgarrietako bat. Hori dela eta, pasa den urtean probatu zuten mozorro kukaña parte hartzaileagoa izatea dute helburu. «Oso dibertigarria izan zen, baina aurtengo erronka da jende gehiago mozorrotzea. Gainera, Bilintxi Balantxa auzoko bertso eskolako kideek girotuko dute kukaña», adierazi du Gurreak.
Herri kirolak ere estimatzen dituzte kaian, eta sortu berri den Parte Zaharreko Jarana herri kiroletako taldeari tarte berezia eskainiko diote. «Duela hilabete inguru Antiguako frontoian egindako dema kaira ekarriko dugu. Berriz ere, Jarana eta Antigua aurrez aurre ariko dira. Errebantxarik egongo ote da?».
Musika taldeen egitaraua ere aipatu nahi izan du jai batzordeko kideak: «Eskaintza ona osatu dugula uste dut». Potato, Against You, Txapela Brava, Mugan, Toc eta Herenegun ariko dira zuzenean. Noski, La Jodedera ere ez da faltako.