'Maspalomas', 'Karmele', 'Zeru ahoak' eta 'Aro Berria' euskal filmak Zinemaldian izango dira
Gaur aurkeztu dituzte espainiar ekoizpena duten eta Zinemaldian egongo diren filmak. Hainbat euskal pelikula daude tartean.

Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak iragarri egin ditu gaur Madrilen, ekoizpen espainiarrekoak izanik, irailaren 19tik 27ra 73. Zinemaldiaren Sail Ofizialean eta Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Made in Spain eta Belodromoa sailetan emango diren 22 lanak (17 film luze, bi film ertain eta hiru telesail). Hemen ikus daitezke guztiak.
Aurten, Sail Ofizialean, euren ibilbidea Donostian hasi zuten zenbait zinemagile bilduko dira, hala nola, Alberto Rodriguez, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi. Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenaga (Ordizia, 1976) eta Aitor Arregi (Oñati, 1977) zinemagileek berriro izango dute Urrezko Maskorra irabazteko aukera Maspalomas filmarekin. Jose Ramon Soroiz aktoreak Vicenteren rola egiten du filmean, 77 urterekin Maspalomasen gustuko duen bizimodua daraman gizon homosexual batena, hain justu. Jose Ramon Soroiz, Nagore Aranburu eta Kandido Uranga dira aktoreak, besteak beste.
Sail Ofizialeko lehiaketan aurkeztu dituzten beste bi filmak, honakoak dira: Jose Luis Guerinen (Bartzelona, 1960) Historias del buen valle / Good Valley Stories, Vallbonan –migratzaile ugari dituen Bartzelonako auzoan– filmatutako dokumentala. Alberto Rodriguezek (Sevilla, 1971) Rafael Cobosekin batera idatzitako Los Tigres aurkeztuko du; Antonio de la Torrek eta Barbara Lenniek petrolio sektorerako urpekari profesional gisa lan diharduten bi anai-arrebaren rola egiten dute.
Urrezko Maskorra lortuko ez duten arren, euskarazko beste bi lan izango dira Sail Ofizialean. Koldo Almandoz donostiarraren Zeru ahoak / Sky Mouths lau ataleko telesaila aurkeztuko da bertan, Hondar ahoak (2020) laneko pertsonaia berak izango dira, eta Sara Cozar izango da protagonista. Bigarren estreinaldi garrantzitsua, Asier Altuna bergararraren Karmele filma izango da. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren historia kontatzen da pelikulan eta Jone Laspiur donostiarra eta Eneko Sagardoy durangarra dira protagonistak, biak Goya sari banaren irabazleak.
Zuzendari Berriak sailean Donostian bizi den Irati Gorostidiren lehen film luzea estreinatuko da: Aro berria. 1970eko hamarkadako langile-borrokaren eta Euskal Herrian garai hartan sortutako esperientzia komunitarioen begirada bat planteatzen digu egileak. Gorostidiren zenbait lan Zinemaldian erakutsi dira, hala nola Unicornio (Zinemira Kimuak, 2021) eta Contadores (Zabaltegi-Tabakalera, 2023); azken hau Kimuak katalogoaren parte izan zen, Cannesko Semaine de la Critique astean estreinatu ondoren.
Aurkeztu duten azken euskal filma Lur Olaizolaren (Donostia, 1988) Bariazioak / Variations film laburra izango da; bizitzari, doluari eta horien aldakuntzei buruzko hausnarketa. Zabaltegi-Tabakaleran izango da, lehiaketatik kanpo. Euskal zinemagileak Xulia (2019), Zerua blu (2020) eta Hirugarren koadernoa film laburrak zuzendu ditu Olaizolak; Cinéma du Réel lehiaketan lehiatu zen Hirugarren koadernoa, Kimuak-en eta Zabaltegi-Tabakaleran parte hartzez gainera.