Uliako Auzo Elkarteak GOe eraikinaren inguruko urbanizazio proiektuaren berri emateko eskatuko dio udalari

50 bat lagunek parte hartu zuten herenegun, Uliako Auzo Elkarteak Okendo Kultur Etxean egindako batzar informatiboan. Besteak beste, Basque Culinary Center fundazioaren GOe eraikin berriaren lanen eraginaz aritu ziren. Era berean, egun indarrean dagoen 2010eko plan orokorra errepasatu, eta Okendo Aldeko mugikortasunaz eta irisgarritasunaz aritu ziren.
Batzarrak hainbat erabaki hartu zituen, eta horietako bik lotura dute GOe eraikinaren lanekin. Batetik, GOe eraikinaren inguruko urbanizazio proiektuaren berri emateko eskatu diote udalari. Izan ere, Basque Culinary Center fundazioak ekainaren 2an aurkeztu zituen udaletxean. Bestetik, obra lursail publikoan egiteagatik ordaindutako tasen ordainagiria ere eskatuko diote udalari.
Bestalde, bi eskabide ere onartu zituzten batzarrean: Zemoria parkea babesteko izendapena, eta Ategorrietako auzo elkartearen egoitza babestea.