Zipotzetan haur eta gazteen protagonismoa indartuz
Egitarau zabala antolatu dute Groseko jai batzordeak eta auzoko hamaika eragilek datorren ostegunetik igandera. Jai batzordeko Kai Kerejetak azaldu dizkigu egitarauaren nondik norakoak.

Aruzo handia da Gros. Eta jaiak ere halakoxeak ditu. 35 urtez jada, uztailaren hirugarren astean ospatzen dira Zipotz jaiak. Kai Kerejeta jai batzordean dabil azken urteotan, eta urduri baina gogotsu dago jaiei ongietorria egiteko: «Azken gauzatxoak lotzen ari gara, baina dena bideratuta dago». Hemen daukazue egitarau osoa.
Bi dira Kerejetak nabarmendu dituen berritasunak: haurren zein gazteen egitarauak. «Haurren egitaraua dezente ari da puzten eta ilusioa pizten digu horrek», azaldu du. Hainbat dira haurrentzat espresuki antolatzen ari diren jarduerak: Haurren danborrada, futbol txapelketa, jolasak… «Haurren egitaraua egiteko, guraso asko ari dira antolakuntzan. Ez soilik jaietarako, urte osoan zehar hainbat jarduera ari dira egiten: Gau Beltza, inauteriak, San Tomas…». Eta ez alferrik. Haurren futbol txapelketan 160 bat neska-mutil arituko dira aurten.
Gazteen egitaraua
Bestetik, gazteen egitaraua «oso ondo doa», Kerejetaren ustez. Lehenago gazte egun indartsua egiten zen, eta urte batzuez «gainbeheran» egon den arren, forma hartzen ari da elektrotxaranga eta bazkariarekin. «Ez diogu gazte eguna deitzen, egun horretan gauza mordoa dagoelako, baina gazte eguneko kartela atera da aurten eta oso pozgarria da», dio jai batzordeko kideak.
Berezitasun bat izango da aurten: rally poteoa. Auzoan zehar, tabernaz taberna, jolasak eta probak eginez egingo den poteoa da, eta hainbat kuadrilla ibiliko dira hori prestatzen. Elektrotxarangaren ordua aldatu egin dute, denbora eman ahal izateko. «Ostiralean, beraz, hiru poteo izango dira egunean! Goizean, trikipoteoa, gero rally poteoa eta azkenik elektrotxaranga».
Egitarauaren indartze hau, ordea, ez da kasualitatez gertatu. Auzo Giro lantaldeak urteak darama adin eta sektore ezberdinetako jendea antolatzen eta fruituak eman ditu. «Gazte talde batzuk gerturatu dira, baita ere, eta jai batzordean hasi dira», azaldu du Kerejetak. Jai batzordearen egoera «oso polita» dela azaldu du: «Azkeneko bi urteetan lantalde guztietan sartu da jende berria, izugarrizko aldaketa emanez».
Auzo bizia
Talde askok antolatzen dituzte jaiak, ez soilik jai batzordeak, —Surf Indarra, Urban 13, tabernak..— eta Kerejetarentzat hori da gakoa: «Oso aberatsa da guztien parte hartzea. Ez dugu nahi jai batzordea izatea jaiak antolatzen dituena, auzoak antolatu behar ditu. Gure egitekoa hori sustatzea da».
Groseko auzo elkarteak mugimendu handia du urtean zehar, Kerejetaren ustez: «Jaien ikuspegitik ere, oso garrantzitsua da auzo antolatu bat ikustea. Jaiak badira komunitate bat bizirik dagoela erakusten duen une bat, eta Grosen komunitatea bizirik dago eta, zentzu horretan, borroka ezberdinak bizirik daudela irudikatzen dugu: etxebizitzaren alde, jai herrikoien alde… Saretxe etxebizitza sindikatuak, adibidez, pintxo-pote bat antolatu du, urtean zehar lanean izan diren auzokide guztiak batu eta elkarrekin ospatzeko».
Euskal Jai egunarekin amaituko dira jaiak, eta Kerejetarentzat «oso garrantzitsua» da egun hori: «Jaiak garrantzitsuak dira izugarrizko auzolana direlako, auzoko jende pila bat gerturatzen delako gauzak antolatzera. Eta gainera, bada gure komunitatea bizirik dagoela erakusten duen egun garrantzitsua. Igandea guretzako egun oso berezia da horretarako».