Anoetako estadio txikia berritzeko lanak hasiko dituzte

Bihar, uztailak 14, Anoetako estadio txikia itxiko dute denboraldi luze baterako. Izan ere, etzi abiatuko dituzte estadio txikia berritzeko lanak. Donostiako Udalak Moyua enpresari adjudikatu zion obra, eta 4.089.921,10 euroko aurrekontua dauka. 2026ko udaberrirako berrituta egotea aurreikusten du Donostia Kirolak, atletismo denboraldia aire zabalean egin ahal izateko. “Euskadiko atletismo instalaziorik garrantzitsuena izango da. Urrats garrantzitsua da Anoeta kirol hiria berritzeko”, nabarmendu du Iñaki Gabarain Kiroletako zinegotziak.
Lanek hasiera batean uste zena baino iraupen laburragoa izango dute, instalazio osoan aldi berean jardungo baita, fase desberdinetan egin beharrean, hasiera batean aurreikusita zegoen moduan. Harmailen zabalkuntzan esku hartuko da hasieratik, baita aldageletan, gimnasioan, atletismo pistan eta soropilean ere. Erabaki hori Gipuzkoako Atletismo Federazioarekin, klubekin eta entrenatzaileekin adostu zen itxiera atzeratu ahal izateko eta denboraldia osatu ahal izateko, baita Donosti Cupen ospakizuna ahalbidetzeko ere.
“Duela 30 urte baino gehiago sortutako kirol instalazio honetarako aldaketa handia ekarriko duen obra da, ekipamendu funtzionalagoa eta modernoagoa bihurtzeko, instalazio atletiko homologatuak eta egungo eskariari egokituak dituena”, adierazi du Gabarainek.
Berritze integrala
Anoetako estadio txikian egingo diren lanak hauek dira: atletismoko pisten zoladura berritzea; belar naturaleko azaleraren birdimentsionamendua (rrugbi zelaiak guztira 113 x 70 metroko belar naturala izango du, homologazio araudiaren arabera); lehiaketak birkokatzea (luzera, hirukoitza, pisua, mailua, diskoa, xabalina, etab.), lehiaketak aldi berean egin ahal izateko (goi mailako lehiaketetarako IAAF betekizuna); ureztatze sistema berritzea; harmailak erabat eraberritzea, eserleku berriak barne; instalazio energetikoki eraginkorragoa; LED argiztapena, estalki berria, instalazio fotovoltaikoa eta aerotermia; eta eraikinaren barruko eremuak birbanatzea, ekipamendu nagusietarako leku gehiagorekin: gimnasioa, aldagelak, biltegia, epaileen gelak, etab.