Donostia Arraun Lagunak-ek Zierbenan astindu du hirugarren bandera
'Lugañenea' traineruak eta Donostiarraren nesken traineruak nabarmen hobetu dute Kontxako Badian atzo lorturiko emaitza.

Ibaitik itsasora egindako trantsizioa gazi-gozoa izan da Euskotren ligako bi ordezkari donostiarrentzat. Atzo Donostian gertaturikoa atzean utzita, gaur askoz hobeto aritu dira Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra, Zierbenan. Batez ere, Lugañenea ontzia. Izan ere, denboraldiko hirugarren estropada eta bandera irabazi, eta lidergoa sendotu dute. Bantxa traineruak, berriz, orain arteko emaitzarik onena lortu dute bosgarren bukatuta.
Bizkaiko uretan berreskuratu du maila Arraun Lagunak-ek. Itsasoan ere irabazteko gai direla erakutsi eta denbora ona egin dute Zierbenan (10:45,10). Gainera, tarte handiagoa atera diete ohorezko txandako lehiakideei. Orio izan da bigarren ia sei segundora (10:50,82), Tolosaldea atzoko irabazlea laugarren (10:59,56) eta Hondarribia zortzigarren (11:04,38). Astillero izan da ezustekoa eman duena, lehen txanda irabazi eta hirugarren bukatuta (10:59,56). Donostiarrak, berriz, bosgarren tokian bukatu du (11:03,92), atzekoekiko oso tarte txikiarekin.
Kontxako galera
Gaur irribarre egiteko aukera izan duten arren, atzo aurpegi serioagoak zituzten. Donostian jokaturiko Fabrika bandera ez zen gogoangarria izan hiriko bi traineruentzat. Itsasoko lehen estropada izanik, indarrak neurtzeko aproposa zen, baina dena kontra izan zuten biek. Arraun Lagunak-ek bigarren itzulian galdu zuen garaipenerako aukera, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan ziren. Aldiz, Donostiarrak ahazteko moduko estropada jokatu zuen, azken tokian geratu zirelako.
Sailkapen nagusian, Arraun Lagunak da liderra 30 punturekin, eta bi puntuko aldea du Oriorekiko. Donostiarra, berriz, zazpigarren postuan dago 9 punturekin.