Donostiarrak etxeko lanak bete ditu asteburuan
Kontxako Badian jokaturiko estropada irabazi zuten atzo, beste behin ere. Aldiz, seigarren izan dira gaur, Zierbenan.

Denboraldiko lehen helburua atzo bete zuen Donostiarrak, etxeko bandera irabazita. Kontxako Badian onenak izan ziren, gainerako traineruei alde handia aterata. Atzoko esfortzuak gaurko estropadan eragingo bazuen ere, seguru merezi izan duela asteburua horrela prestatu izanak.
Zierbenako laugarren jardunaldian, seigarren tokian geratu da Torrekua II ontzia. Atzoko maila aintzat hartuta, espero baino urrunago, baina indarrak neurtzearen ondorio da. Estropada Oriok irabazi du hogei minutu azpiko denborarekin (19:56,18). Donostiarraren aurretik geratu diren beste lau traineruak Zierbena, Hondarribia, Urdaibai eta Getaria izan dira, hurrenez hurren. Esan moduan, Donostiarra seigarren sailkatu da, irabazlearengandik ia minutu erdira (20:25,68).
Erakustaldia
Etxeko estropadan erakustaldia eman zuen atzo Donostiarrak, eta jakina da ondo baino hobeto ezagutzen dutela beraien itsas eremua. Kontxako Badian ligan jokatu diren azken lau banderetatik hiru irabazi dituzte. Beraz, esan genezake neurria hartu diotela etxeko estropadari. Atzokoa ez dute berehalakoan ahaztuko, batez ere, egindako bigarren luze ikusgarriarengatik. Oso atzean geratu ziren parean eta aurretik izan ohi dituzten traineruak. Pentsa, Urdaibai izan zen bigarren 25 segundora, Orio hirugarren 33ra eta Zierbena laugarren 53ra. Etxean bezain ondo aritzen badira beste hainbat estropadetan, ohorezko txandan egonkortu eta bandera gehiago lortzeko aukerak izango dituzte.
Sailkapen nagusian, lau bandera jokatuta, Donostiarra laugarren postuan dago 37 punturekin.