Errei bakarra eta espaloi askoz ere zabalagoa
Easo kalearen zati handi bat berritu eta eraldatu dute, metroaren igarobidearen lanengatik itxita egon ondoren.

Ostiral goizetik irekita dago Easo kale berritua. Orain, autobus publikoentzako eta taxientzako errei bakarra du, eta oinezkoentzako bost metro baino gehiagoko zabalera duen espaloia. Dena dela, San Martzial kaletik San Martin kalera doan Easo kalearen zatia soilik berritu dute.
Aipaturiko errei bakarretik dagoeneko ezin dira ibilgailu pribatuak pasatu. Hori dela eta, gaur goizean, bi Mugikortasun agente ibilgailu pribatuak desbideratzen aritu dira. Datozen egunetan ere argibideak ematen ariko dira Easo kale berrituaren seinaleak bete ditzaten motordun ibilgailuek.
Dbus
Easo kalearen irekierak Dbus Donostiako autobus konpainiaren zenbait autobus lineari eragingo die, bihartik aurrera. Zehazki, hauei: 19, 31, 36, B2 eta B4. Hain zuzen ere, 19,31, B2 eta B4 lineek Easo kaleko 19 zenbakian geldialdia egingo dute astelehenetik aurrera. 36 lineari dagokionez, Easo plaza, Easo 19 eta Askatasunaren Hiribidea 19 geldialdiak egingo ditu Aldakonea alderantz doanean, eta gero Mirakruzerako ibilbidea egiten jarraituko du. Easotik zirkulatzean, ez du geldialdirik egingo Gernikako Arbola pasealekuan.








