Altzako eraso matxista gaitzesteko elkarretaratu dira
Azkenaldian ugaritu diren indarkeria kasuen aurrean, kezkatuta agertu da Ane Oiarbide Berdintasun zinegotzia.

Donostiako Udalak azken sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea egin du gaur eguerdian, Alderdi Ederren. Pasa den ostiralean gertatu zen, Altzako kokaleku batean. Emakume bat bortxatu eta kolpatu zuen haren bikotekideak. Erasotzailea oraindik ez dute atxilotu, baina identifikatua dago eta haren bila dabiltza.
Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak hartu du hitza elkarretaratzearen ondoren, eta egoera “latza” dela esan du. Izan ere, azken egunotan areagotu egin dira sexu erasoak. “Gaur ere ozen eta tinko adierazi nahi dugu eraso hauek ez dutela tokirik hiri honetan. Gaitzetsi egiten ditugu. Gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu biktimari eta bere senideei. Sexu erasoa”, adierazi du Oiarbidek.
Hiru eraso matxista
Azken hamabost egunetan hiru sexu eraso gertatu dira hirian. Donostiako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen ekainaren 29an, emakume bat bortxatzea eta kolpatzea leporatuta. Eraso matxista Aieteko kokaleku batean gertatu zen. Uztailaren 5ean, berriz, sexu eraso bat izan zen Zorroagako Gaueko Aterpea udal harrera zentroan. Ertzaintzak egunean bertan atxilotu zuen 31 urteko gizonezkoa, eta espetxera bidali zuen epaileak. Altzako kokalekuan gertaturikoa da hirugarrena.
Oiarbidek aitortu du udala eta Berdintasun Saila kezkatuta daudela azken sexu erasoekin, kokalekuetan eta udalaren zentro batean izan direlako. “Gainera, egoera zaurgarrian dauden bi emakume dira bortxatu eta kolpatu dituztenak. Aztertzen ari gara egoera hauei nola aurre egin, eta beste neurririk hartuko dugun”, azaldu du Oiarbidek. Bestalde, aipatu du uda garaian sexu erasoak ugaritzen direla: “Azken txostenek diote udan sexu erasoen kopurua handitzen dela, baina ez bereziki jaien testuinguruan. Lanean jarraituko dugu”.