Udala eta Tavaro XXI enpresa «prebarikazioagatik» salatu dituzte Fiskaltzan, Txalingo txaletaren harira
Xabi Alonsoren Igeldoko txaleta "ilegala" dela ebatzi zuen epaitegi batek 2024an. Orain, beste salaketa bat jarri dute Ekologistak Martxan eta Haritzalde elkarte ekologistek, bide baten erabilera irregularra dela eta.

Haritzalde eta Ekologistak Martxan elkarte ekologista eta naturazaleek Donostiako Udalaren eta Tavaro XXI S.L. enpresaren aurkako salaketa jarri dute Gipuzkoako Fiskaltzan, Igeldoko Txalin eremuko txaletaren harira. Gogoratu behar da txaleta eraiki zuen enpresa horrek, Tavaro XXIk, harreman zuzena duela Xabi Alonso futbolari ohi eta egungo gizonezkoen Real Madrileko entrenatzailearekin duela urte asko, egungo administratzaile bakar ofiziala Nagore Aranburu enpresaria bada ere, Alonsoren emaztea —Miguel Angel Periko Alonso futbolari ohi eta Xabi Alonsoren aitak ere karguak eduki ditu enpresa horretan—.
Salaketa “prebarikazioagatik eta ondasun publikoen usurpazioagatik” jarri dute Haritzaldek eta Ekologistak Martxanek, luxuzko txaletaren jabeei leporatuta inguruko bide bat erabiltzekoo baimena iraungita egonda ere erabiltzea: “Salaketa jarri dugu Txalingo ur biltegira sartzeko bidearen erabilerari dagokionez, Igeldon, nahiz eta zegoen baimena, legezkotasun zalantzagarria duena, 2025eko martxoaren 21ean iraungi den eta luzaezina den”.
Txalet “ilegala” eta bidearen erabilera
2024an, txaleta eraikitzeko lizentzia bertan behera utzi zuen Donostiako Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiak, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak eta Igeldoko Ieltxo Kultur Elkarteak 2022an aurkeztutako salaketa baten harira; horren arabera, txaleta eraitsi egin beharko litzateke. Epaiari errekurtsoa jarri zioten enpresak eta udalak Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta ebazpenaren zain daude oraindik.
Lizentziaren “legezkotasun ezarekin” batera, ordea, elkarteek azaldu dutenez, bazeuden beste irregulartasun batzuk ere, orduan argitu ez zirenak: “Horietako bat da lurzatiak ez zuela bide publikorako sarbiderik, eta, hala eta guztiz ere, lizentzia eman zitzaion. Oker hori konpontzeko, bi urte eta erdi geroago, udalak baimen berezia eman zion Tavaro XXIri Txalingo ur biltegira doan zerbitzu publikoko bidea erabiltzeko, bide hori ez bada ere erabilera publikokoa. Baimen hori legez kanpokoa zen, legeak zerbitzu publikoarekin lotutako erabiltzaileei soilik ematen baitizkie baimen berezi horiek, eta lau urtera iraungitzen zen, 2025eko martxoaren 21ean, eta luzaezina zen, ondareari buruzko legearen 92. artikuluak hala baitio”.
Elkarteek salatu dute udalak eta enpresak “ahaztu” nahi izan dutela baimen horren iraungitzea: “Aurreikus zitekeen moduan, udalak ez du ezer egin horri buruz, eta Tavarok bere txaleterako sarbide gisa erabiltzen jarraitzen du, legez kanpo”. Horregatik aurkeztu dute salaketa Fiskaltzan, “prebarikazioagatik eta ondasun publikoen usurpazioagatik”.
Udalak eta enpresak egin ditzaketen hurrengo urratsetan ere irregulartasunak ikusi dituzte ekologistek: “Jakin badakigu udala Tavaro XXI S.L. enpresarekin negoziatzen ari dela biltegira sartzeko bidea zerbitzu publikoko bide gisa deskalifikatzeko eta bide publiko bihurtzeko aukera, herritarrek erabil dezaten, Tavaro XXI S.L. barne. Gure iritziz, birsailkatze hori prebarikazio egintza bat izango litzateke, ‘justifikazioa’ ez bailitzateke zerbitzu publikoa hobetzea, bideak ez daramalako ur biltegia ez den beste inora. Bere garaian egindako legez kontrako egintza estaltzea izango litzateke birsailkatzea”.