'Behin betiko txanpa etxera' mobilizazioa egingo dute Ondarretan, abuztuaren 3an
Sarek eta Etxerat-ek euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatuko dute Euskal Herriko hamaika hondartzetan.

Gaur goizean agerraldia egin dute Sarek eta Etxerat-ek, Ondarretako hondartzaren aurrean. Abuztuaren 3an Euskal Herriko hamaika hondartzetan egingo dituzten mobilizazioen berri eman dute. Behin betiko txanpa lelopean, 12:00ak aldera, Gipuzkoak hiru eta Bizkaiko zortzi hondartzetan elkartuko dira euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko. Era berean, Euskal Herrian konponbidea, bakea eta elkarbizitza aldarrikatuko dituzte.
Donostiako mobilizazioa Ondarretan izango da, eta Gipuzkoako beste biak Deban eta Orion. Gainerakoak, berriz, Bizkaiko Bakio, Ea, Laga, laida, Lekeitio, Mundaka, Muskiz-Zierbena eta Ondarru hondartza zein udalerrietan izango dira.
“Behin betiko txanpa aldarrikatuko dugu hondartzetan ere. Datorren urtean ETAk bere jarduera eten zuela hamabost urte beteko direnean, mundu mailako beste gatazka gehienetan gertatu ez bezala, Euskal Herrian, izugarrizko sufrimendua eragin zuen gatazkaren ondorioak bizitzen ari baikara oraindik. Euskal Herriak eta bertako herritarrok beharrezkoa dugu iragana gainditu eta etorkizunari begira jartzea. Beharrezkoa dugu konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren bidean urratsak ematen jarraitzea”, adierazi dute.