Ondrej Hanzlik txekiarra fitxatu du Gipuzkoa Basketek

Gipuzkoa Basket talentu gaztearen aldeko apustua egiten ari da. Horren adibide, Ondrej Hanzlik txekiarraren fitxaketa. Hegaleko jokalari gazteak esperientzia pilatu du ACB ligan eta FEB lehen mailan. Gironan, Betisen eta Zamoran aritu da azken denboraldietan.
Dena dela, Gipuzkoa ondo ezagutzen du Hanzlikek. Izan ere, Azpeitiko Iraurgi saskibaloi taldean jokatu zuen 2020-2021eko eta 2021-2022ko denboraldietan. Haiekin FEB lehen mailan jokaturiko bigarren denboraldian, batez beste 10 puntu eta 3 errebote lortu zituen partidako.
Gipuzkoa Basketen hamaikagarren pieza da datorren sasoirako. Orain, hamabigarren baten bila dabiltza Sergio Garcia entrenatzaile donostiarrak gidatuko duen taldea osatzeko. Zehazki, eskolta bat fitxatzeko asmoa du klubak.