Ozzy Osbourneren legatua Donostian
Birminghameko musikaria, ilunpeetako printzea, 76 urte zituela hil zen atzo. Hamazazpi egun lehenago eman zuen despedida kontzertua.

Hil kanpaiak entzuten dira heavy metalaren mundu zabalean. Ozzy Osbourne zendu da, eta agurrik sentituena eskaini diote zale eta musikari askok. Hasierara itzuli zen uztailaren 5ean, jatorrira, dagoeneko haren agur gisa har daitekeen kontzertua emateko. Back To The Beginning jaialdi entzutetsuan izan zen, Birminghameko (Ingalaterra) Villa Park futbol zelaian.
Donostian, berriz, bi kontzertu eskaini zituen Osbournek haren ibilbide luzean; biak Anoetako belodromoan. Lehena, 1989an izan zen, eta bakarlari gisa aritu zen UDO alemaniarrarekin batera. No rest for the wicked diskoaren nazioarteko aurkezpen birarekin etorri zen.
Bigarrena, berriz, 1998an izan zen, eta Black Sabbath taldearekin batera jo zuen, hirian eskaini zuten bigarrena —aurrenekoa Ian Gillan abeslariarekin izan zen—. Hasiera batean, Iruñeko Sadar futbol zelaian izan behar zen, baina aurrera sarrera gutxi saldu zirelako, Anoetako belodromora lekualdatzea erabaki zuten antolatzaileek. Heavy metalaren aitzindariak beste lau bandarekin batera aritu ziren: Slayer, Soulfly, Coal Chamber eta A Palo Seko. Egiari zor, bira nahiko xelebrea izan zen hura, askotariko doinuak jorratzen zituzten taldeak elkartu zituztelako. Belodromoan egon zirenek diotenez, Black Sabbathek eta Osbournek kontzertu bikaina eman zuten.
Hogei urte
Aipatu moduan, uztailaren 5ean izan Black Sabbathen azken emanaldia. Hogei urte luzeren ondoren, lau kide originalak berriz ere elkartu ziren, Villa Park estadioan. Osbournerekin batera aritu ziren Tony Iommi (gitarra), Geezer Butler (baxua) eta Bill Ward (bateria). Lau ereserki jo zituzten: War Pigs, N.I.B., Iron Man eta Paranoid. Ahaztezina izan zen askorentzat, eta Ingalaterrako heavy metal bandaren historia luzeko epilogotzat har daiteke.
Osbournek bere bakarkako ibilbideko kantak ere eskaini zituen beste lau musikarirekin: Zakk Wylde (gitarra), Mike Inez (baxua), Tommy Clufetos (bateria) eta Adam Wakeman (teklatua). Errepertorioari dagokionez, I don’t know, Mr. Crowley, Suicide solution, Mama, I’m coming home eta Crazy train abestiak eskaini zituzten.
Jaialdia, berriz, beste hainbat talderen parte hartzeak borobildu zuen. Besteak beste, zuzenean aritu ziren Metallica, Slayer, Guns’n’Roses, Halestorm, Anthrax eta Mastodon.