Bera Berak denboraldiaurreari ekin dio
2025-2026ko denboraldiari aurre egiteko, hamabost jokalariz osaturiko taldea aurkeztu dute.

Bost aste eta erdiko denboraldiaurrea abiatu du Bera Bera eskubaloi taldeak. Josean Gaska kiroldegian egin zuten atzo lehen entrenamendua, eta 2025-2026ko lantaldea aurkeztu zuten.
Hamabost jokalarik osatzen dute lehen taldea, eta adinaren batez bestekoa 24,4 urtekoa da. Klubak nabarmendu duenez, azken hamar urteotako talde gazteena da. Lau dira jokalari berriak: Nicole Wiggins, Ester Somaza, Elena Amores eta Lisanne Kruijswijk. Gainerakoak, berriz, hauek dira: Elba Alvarez, Eszter Ogonovszky, Laura Hernandez, Maitane Etxeberria, Elke Karsten, Lyndie Tchaptchet, Anne Erauskin, Micaela Rodrigues, Shula Gavilan, Lucia Prades eta Carmen Arroyo.
Bigarren taldeko beste bost jokalarik ere denboraldiaurrea egingo dute Imanol Alvarez entrenatzailearen eta Jon Begiristain laguntzailearen aginduetara: Naroa Zabala, Elene Vazquez, Haizea Urretabizkaia, Eider Tapia eta Oihana Murgiondo.
Bost lagunarteko
Bera Berak abuztuaren 30an ekingo dio ligari Porriño galiziarren kontra. Aurretik, ordea, bost lagunarteko jokatuko dituzte abuztuan zehar. Abuztuaren 9an, Lekunberrin ariko dira Beti Onak taldearen aurka (19:00). Abuztuaren 12tik 14ra bitartean, Egiako txapelketan parte hartuko dute —bi partida jokatuko dituzte—. Azkenik, abuztuaren 22an eta 23an Leongo Summer BAG txapelketan izango dira.