Gipuzkoa Basketek Lance Terry estatubatuarrarekin borobildu du taldea

Hamabi jokalariko taldea osatu du Gipuzkoa Basketek 2025-2026ko denboraldirako. Lance Terry eskolta estatubatuarra da hamabigarren pieza. Horrelako jokalari baten bila zebiltzan, eta gaur iragarri dute fitxaketa.
Terryk 24 urte ditu eta 1,91 metroko garaiera du. Azken hiru denboraldiak Georgia Tech taldean aritu da, eta azken sasoian 14,5 puntu eta 3,2 errebote egin zituen batez beste partidako. Aurretik, Gardner-Webb taldean hezi zen, eta uda honetan Summer League txapelketa jokatu du NBAko Orlando Magic-ekin.
Horiek horrela, hamabi jokalariko taldea osatu du Gipuzkoa Basketek: Aitor Zubizarreta, Nacho Arroyo, Gaizka Maiza, Mikel Motos, Lance Terry, Ondrej Hanzlik, Mads Bonde Sturup, Manex Ansorregi, Ignacio Rosas, Giorgi Korsantia, Javier Nicolau eta Tanor Ngom.