Oh, moketa kutuna

Hau irakurtzen ari bazara, ziurrenik donostiarra izango zara. Euskalduna. Edo Irutxulo-ko irakurle leialena. Edo nire ama. Tira, talde berean gaude denok. Edo egon beharko ginateke.
Ba, hurrengoa kontatuko dizuet. Bagera Elkarteak misio bat jarri dit: turismoari buruz umorezko lerrotxo batzuk idaztea. Bai, badakit, katxondo batzuk dira euskaltzale hauek…
Saiatuko naiz negarrik ez eragiten. Zuek saiatu negarrik ez egiten. Ados?
Abesti bat konposatzen hasi naiz, ea zer iruditzen zaizuen: «Hain eder, hain polit, ez daukazu errukirik, baina hilko zara hutsik». Merina Grisek, kasualitatez, letra bera konposatu du. Bertako beste batzuk, esan dizuet talde berean gaudela denak.
«Hilko zara hutsik» eta gu ez gara hemen egongo hori ikusteko. Beste herriren batean eraikiko dugu etorkizuna eta noizbehinka oroituko dugu gure iraganeko auzo kutun hura. Auzo kutun hartako jaiak, auzo kutun hartako txoko kutunak. Taberna kutunak. Denda kutunak. Kale kutunak. Lagun kutunak. Komunitate kutuna. Hondartza kutuna. Farola kutuna. Bidegorri kutuna. Estolda kutuna. Belauna ireki zidan izkina kutuna.
(Dramatikoegia jarri naiz agian).
Urteekin ikasi dugu errua ez duela Sangria in the polborin after pintxos in the old part and after being putting in the middle of the street dont letting pass the locals because I walk very very very slow with my 17 friends and I like to stop in the middle of the bidegorri because oh the bidegorri!! kolektiboak. Tira, gauza batzuk hobeto egin ditzakete.
Hiria ikasgela bat izango balitz, turisten kolektibo hori klaseko izarra izango litzateke. Irakasle guztien ikasle kutuna. Arreta guztia bereganatzen duena. Eskola pozarren dago horrelako ikasleekin, ikasle izar on gisa, matrikula garestiagoa ordaindu dute. Pf, perfektuak dira.
Eta gu lagunok, gu zer ginateke ikasgela horretan? Gure izena inork ez dakien ikaslea esan nezake, baina ez… eskema honetan gu moketa ginateke. Badakizue, xehe, goxo eta atsegin. Moketa beti dago hor, ez da lehen lerroan dagoen ezer, are gehiago, mundu guztiak zapaltzen du. Normalean, ikasgelaren erdigunean dago, baina irakasleek, eskolako zuzendariek, ez dute erdigunean dagoela ikusten, bertan eserita daudelako gainontzeko ikasle izarrak. Horiek presente egonda, nekez ikusi daiteke moketa.
(Dramatikoegia jarri naiz, berriro. Esan dizuet ez nuela negarrik eragin nahi eta badakit… moketa deitu diot geure buruari, lasai, hemendik aurrera denak hobera egingo du. Lehortu malko hori, mesedez).
Baten batek esango dit moketarena esajeratua dela. Tira, ba, moketa izaten jarraitu nahi izate hutsagatik eskisito deitu izan gaituzte.
Harira! Zein da estrategia? Irakasleek ez dute moketa ikusten. Eskolako zuzendaria ez da gogoratzen hor dagoenik ere. Zeinek lagun gaitzake? Ikasle izarrak.
Ulertzen ari zarete nondik doan nire estrategia, ezta? Moketarekin mareatu zaituztet? Poeta izan nahi nuen, baina garrantzitsuagoa iruditzen zait gure etorkizuneko estrategia posiblea ondo ulertzea, beraz, argitu ditzagun gauzak.
Istoriotxo honetako klaseko izarrak, turistak dira, sunsetbastiantxoak. Moketa zoragarria gu gara, hiriko eskisito dramatiko biktimistak.
Eskisitook eskisito bilakatuko ditugu klaseko maitatuenak, sunsetbastiantxoak, bai. Sunsetbastiantxo txikiak beti lortu du nahi izan duena. Sunstebastiantxo txikiak Starbucsk bat nahi zuela? Hortxe jarri diote. Sunsetbastiantxo txikiak lo egiteko tokitxo bat behar duela? Okindegi historiko hori kendu eta hoteltxo bat jarriko diote. Ai… hoteltxo gehiago ezin dela jarri? Etxebizitza turistikotxo bat jarriko diote, luxuzkoa. Ez dadila ezeren faltan geratu sunsetbastiantxo. Auzoak berak nahi dituen moduan birdiseinatuko ditugu. Hala erabaki dutelako irakasle eta eskolako zuzendariek.
Zuk, eskisito zoragarri, ideiak dauzkazu, proposamentxo batzuk. Baina ez okurritu ezer eskatzea e, ez molestatu, ez kexatu, ez dramarik egin, mesedez. Beti eskatzen, beti parte hartu nahian, zein astunak… Uff, zein energia txarra… Urruti hobeto, joan zaitezte behingoz Usurbilera! (oharra: kloz Usurbil).
Honen aurrean, Sunsetbastiantxori alfonbra gorria jartzen diotenez, proposamena hurrengoa da, eskematiko egingo dut denok uler dezagun, honatx jarraitu beharreko pausoak:
Sunsetbastiantxo guztiak Donostian sartzean bahitu. Bahiketa lagunkoia izango da, sagardoa zerbitzatuko dugu guk dakigun moduan, euskal mitologiako izaki exotikoak garen heinean distraituta egon daitezen. Badakizue, atrakzio bat izaten trebeenak gara.
Behin Sunsetbastiantxo – Eskisito topaketa antolatuta, bertan, euskarazko hiztegiak banatuko dira (hau ez zen estrategiaren parte, oraintxe otu zaidan ideia da). Euskaraldiak, Korrikak eta Bagerak Donostia hartu dutela esango diegu eta ez dagoela beste erremediorik. «La imposición del euskera», «Aprender euskera, ¿para qué?» esaldi magikoak hainbestetan errepikatzeagatik gertatu omen da maldizioa. Beraz, kontuz, arriskutsua izan daiteke, ez esan esaldiok edo euskara hutsean hitz egin beharko duzu betirako. Behin Sunsetbastiantxo gure itsasontzira batuta, lagundu gaitzala iraultza guztiekin, ez?
Sunsetbastiantxok berehala ulertuko du bere egitekoa. Klaseko ordezkaria denez, klaseko materiala zaindu behar du, moketa babestu behar du. Gauzak eskatu behar ditu (eskisito jarri behar da), Sunsetbastiantxo–ren eskaerak beti entzuten direlako. «Jada ez dut luxuzko lotokirik behar, eskerrik asko, agian jarri hemen lehen zeuden etxebizitza soil, duin eta eskuragarriak». Edo… «souvenirrak jada ez daude modan… Jarri dezakezue berriro lehen zegoen betiko ile apaindegi hori?». «Menua euskaraz ekarri, mesedez», «Mesedez, utzi arnasa hartzen, bitartean egin kasu udaletxe aurrean kexaka dituzuen horiei, interesgarriak dirudite». «Aizue, ideia bat eduki dut, eman ditzagun afari solidarioak denon artean».
Eskatutako guztia lortuko du, izarra delako. Horrela, pixkanaka, ikasle izarrak moketatik altxatzen joango dira. Irakasleei moketa zoragarri bat dutela adieraziz. Irakasleek eskolako zuzendariari gelan sartzeko esango diote eta denak elkarrekin, moketaren inguruan eserita (inguruan, ez gainean) negarrez hasiko dira, konturatu baitira moketa izorratu dutela. Berandu, ordea, moketa erdia falta baita. Ez dute ondo zaindu.
Gauza bat ez da argi geratu, zein demontre dira istorioko irakasleak! Ba, denetik dago, irakasle batzuk putreak dira (funts-ionarioak, barkatu txiste txar honengatik). Beste irakasle bat moketaren Eibarko izeba bat da. Badaude ere Errusiako edo AEBtako irakasleak. Baina beste irakasle bat oñatiarra da. Beste bat auzokidea. Beste irakasle batek izugarrizko herentzia jaso du. Irakasle asko, lehen, moketa ziren. Eta orain moketa zapaltzen ari dira.
‘Sunsetbastiantxo – Eskisito’ topaketan euskarazko hiztegiak banatuko dira. Euskaraldiak, Korrikak eta Bagerak Donostia hartu dutela esango diegu
Esan dizuet hasieran: talde berean gaude denak? Egon beharko ginateke. Eskolako zuzendaria nor/nortzuk diren uste dut nahiko argi dagoela.
Sunsetbastiantxo guztiek, noski, deskantsu bat beharko dute… opor batzuk, horregatik, zehaztutako egunetan aukera izango dute haien etxeetara itzultzeko, eskisito izatetik deskantsatzeko eta, bide batez, munduan zehar ikasitako hizkuntza kutuna zabaltzeko. Donostiatik deskonektatzeko egun horiek hurrengoak izan daitezke: urtarrilak 20 eta uda, orokorrean.
Estrategia oso utopikoa denez (eta bukaera surrealista, badakit), beste gauza bat egin dezakegu. Agian, hainbeste bitartekari eta metafora erabili ordez, ideia ona izan daiteke (ai, ama, ez naiz ausartuko hau esaten), ideia ona izan daiteke (ai, ez, benetan, ez naiz ausartzen) ba… zera… (agian ez, e, agian tontakeria bat da), ba… (benga, banoa) bertako faunari erreparatzea noizbehinka?
Ai, ama, ez. Erokeria bat da, ezta? (ze lotsa) Ez dakit… pentsatu… moketa hasieratik egon da hor. Eta horrela sunsetbasiantxoak ere bakean utziko ditugu, nahikoa dutela Kontxa non dagoen deskubritzen (pff, da super zaila aurkitzea…) edo bidegorriaren funtzionamendua ulertzen. Bidegorriarena pertsonala da, bai.
Bitartean, jai herrikoi kutunetan egongo gara, gure gauza herrikoi kutunak egiten, gure auzo kutunetako txoko kutunetan eskisito kutunekin abesten eta dantzatzen, noski, gure hizkuntza kutunean.
Oh, moketa kutuna.
P.D.: Tontakeria asko bota baditut barkatu, goiko pisuan etxebizitza turistiko bat egiten ari dira eta ezin ditut nire ideiak entzun. Muxu.