Donostia Arraun Lagunak-ek Getxon astindu du bosgarren bandera
Donostiarrak sendo jarraitzen du Eusko Label ligan, baina Orio eta Zierbena gainditu ezinda dabiltza.

Zortzi estropada jokatuta, lehia bizia eta ikusgarria izaten ari da Euskotren eta Eusko Label ligetan. Donostiako ordezkariei dagokienez, Donostia Arraun Lagunak da aurten ere ondoen dabilena. Larunbatean, Getxon irabazitako banderarekin, dagoeneko bost dira astindu dituztenak, eta Euskotren ligako lidergoa berreskuratu zuten. Donostiarrako neskak, berriz, sailkapeneko zulotik atera ezinda dabiltza.
Lugañenea ontziak jakin bazekien iazko nagusitasunari eustea zaila izango zela. Orio eta Tolosaldea, batez ere, ondo baino hobeto dabiltza, eta haien aurretik geratzeko, estropada borobilak egin beharrean dira. Horrela irabazi zuten Getxoko bandera, pasa den asteburuko akatsak eta gabeziak ahaztuta. Aldiz, atzo, Castron (Kantabria) mamuak agertu ziren berriz ere, eta bigarren postuarekin konformatu ziren, epaileen zigorra jasotzearekin batera —Tolosaldearen bidean sartu zirelako zigortu zituzten—. Oriok eskuratu zuen estropada. Horrela ere, larunbatean lorturiko lidergoari eutsi zioten.
Bantxa traineruari dagokionez, hobera egin nahian dabiltza. Hasieratik aldapa gora jarri zitzaien dena Donostiarrako neskei, baina erregulartasuna lortzea dute helburu. Getxon zazpigarren sailkatu ziren, eta atzo Castron seigarren. Dena dela, sailkapen nagusiko azken tokian daude.
Bigarren bandera
Donostiarrako mutilek sasoiko bigarren bandera oso gertu duten arren, estropadak borobiltzea eta Oriok huts egitea falta zaie. Egia esan, San Nikolas ontzia ziztu batean dabil, eta liga ziurtatzeko bidean da. Horrela ere, Torrekua II lehiakor eta txukun dabil uretan. Getxon hirugarren izan ziren, nahiz eta Oriorekiko hemezortzi segundora geratu. Ordea, atzo, traineru bakar batera geratu ziren, Castron. Bigarren postu horrek konfiantza eman behar die donostiarrei.
Sailkapen nagusian, hirugarren tokian daude 75 punturekin, eta eskura dute bigarren postua —Zierbenak 77 puntu ditu—.