Miguel Martinek Jazzaldiaren zuzendari izateari utziko dio
61. edizioaren programazioa bideratu ondoren, 2026ko apirilaren 9an hartuko du erretiroa Donostia Kulturako musika saileko arduradunak.

Donostiako Jazzaldia zuzendari berri baten bila dabil. Miguel Martinek erretiroa hartuko duela iragarri du 60. Donostiako Jazzaldiaren balorazioaren prentsa agerraldian. 2026ko apirilaren 9an izango da, 70 urte bete baino egun bat lehenago. Izan ere, Euskal Enplegu Publikoaren 11/2022 Legearen arabera, langile publiko bat adin horretara iritsi aurretik jubilatu behar da.
Hedabide honek Jazzaldia hasi bezperan elkarrizketatu zuen Martin. Erretiroaz galdetuta, “60. edizioa baino pixka bat gehiago” jarraituko zuela adierazi zuen. Azkenik, horrela izango da.
Dena dela, halabeharrez hartu beharko du erretreta Martinek: “22 urte nituen Jazzaldiaren antolakuntzan sartu nintzenean, eta 70 urte bete baino egun bat lehenago utzi beharko dut zuzendaritza. Espero eta desio dut ordurako 61. Jazzaldia itxita egotea. Abendurako dena itxita uztea lortu izan dugu. Hori da nire obligazioa”. 2026ko Jazzaldia uztailaren 22tik 26ra izango da.
1978tik du harreman profesionala Jazzaldiarekin, eta 1984tik da zuzendaria. Dena dela, Donostia Kulturako langilea da bera, eta gaur egun musika saileko arduraduna ere bada. 2026ko apirilaren 9rako ordezkoa topatzeko lehiaketa publikoa egingo dute. “Argi daukat Jazzaldiarekin kolaboratzen jarraituko dudala”, nabarmendu du Martinek.
Esker oneko hitzak
Eneko Goia alkateak Martinek urtetan egindako lana goraipatu eta eskerrak eman dizkio: “Gure jazz jaialdia estatuko garrantzitsuenetako bat da berari esker”. Era berean, datorren urteko Jazzaldiak haren “ukitua” izango duela adierazi du Goiak, “programazioaz bera arduratuko delako”. Horrela, 2026ko Jazzaldiaren “arrakasta” bermatua dagoela gaineratu du.
Bestalde, alkateak baieztatu du Martinen ordezko bilatzeko lehiaketa publikoa egingo duela Donostia Kulturak.