Hirschi, Alaphilippe eta Del Toro ziklistak Donostiako Klasikoaren behin-behineko zerrendan daude
Abuztuaren 2an jokatuko den lasterketak partaidetza esanguratsua izango duela aurreratu dute antolatzaileek.

Gaur goizean egin dute 44. Donostiako Klasikoaren aurkezpen ofiziala, Donostiako Udaletxean. Abuztuaren 2an izango da, 24 taldek parte hartuko dute eta Donostiara etortzekoak diren txirrindularien behin-behineko zerrenda iragarri du OCETA antolatzaileak.
Tartean dira Klasikoaren hiru irabazle: Marc Hirschi —iazko irabazlea—, Julian Alaphilippe —iaz bigarren sailkatu zen— eta Neilson Powless —iaz seigarren izan zen—. Beste hainbat ziklista esanguratsu ere zerrendatu dituzte: Isaac Del Toro —Italiako Giroko bigarren sailkatua—, Mikel Landa, Pello Bilbao, Ion Izagirre, Alex Aranburu, Giulio Ciccone eta Juan Ayuso, besteak beste.
Gogoratu behar da aurten Murgil tontorra berreskuratuko dutela —Pilotegi baztertuta—, eta, okerrik ezean, erabakigarria izango dela. 211 kilometro pasatxoko ibilbidea izango du Klasikoak eta sei mendate puntuagarri igoko dituzte txirrindulariek, Gipuzkoan barrena: Andazarrate, Urraki, Alkiza, Jaizkibel, Erlaitz eta Murgil, ordena horretan. Tartean, Zarautz, Zumaia, Azpeitia, Hernani eta Irun herrietatik pasatuko dira, besteak beste.
Klasikoa jokatu bezperan, abuztuaren 1ean, parte hartuko duten taldeen aurkezpena egingo dute udaletxearen Alderdi Ederreko terrazan.