Errobi taldearen agurra Viktoria Eugenia antzokian izango da

Agur esateko itzuli zen Errobi taldea, eta horrela gertatuko da. Azken kontzertua iragarri dute, eta Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da, abenduaren 30ean. Sarrerak bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira helbide honetan eta antzokiko zein Antzoki Zaharreko leihatiletan.
Errobik 50 urte luzeko ibilbideari bukaera emango dio, iaz oholtza gainera bueltatu ondoren. Hain zuzen ere, 2024ko Adarra Saria jaso zuten iazko ekainean, eta kontzertua eman zuten Viktoria Eugenia antzokian bertan. Leku berera itzuliko dira agur esateko.
Azken emanaldi berezian, Errobik bere katalogoko une esanguratsuenak errepasatuko ditu, hasierako urteetatik 1980ko hamarkadako diskoetara. Hitz eta doinuz jositako ibilbide aberats baten isla izango da gaua, eta aukera paregabea taldearen historia eta ekarpena gogora ekartzeko.