Realaren balizko fitxaketen izen dantza
Gonçalo Guedes, Duje Caleta-Car, Igor Julio eta Equi Fernandez dira talde txuri-urdinarekin lotu dituzten jokalariak.

Fitxaketarik egin ez duen lehen mailako talde bakarra da Reala. Horrela ere, taldea osatuko duten jokalariak ekarriko dituztela adierazi du Jokin Aperribai presidenteak. Are gehiago, sinesgarritasuna eman die kirol kazeta batzuek aipaturiko balizko fitxaketa batzuei. Esaterako, Equi Fernandez erdilari argentinarrarekin eta Igor Julio erdiko atzelari brasildarrarekin harremanetan daudela aitortu du.
Azken orduetan, ordea, beste bi izen azaleratu dira: Gonçalo Guedes hegaleko aurrelari portugaldarra eta Duje Caleta-Car erdiko atzelari kroaziarra. Balizko fitxaketa horien berri eman duten hedabideak eta adituak aintzat hartzekoak dira.
Batetik, Portugalgo Record kirol kazetak jakinarazi du Realak akordioa duela Guedesekin. Gaur egun, Ingalaterrako Wolverhampton Wanderers taldean ari da, 28 urte ditu, eta Espainiako ligan esperientzia pilatu zuen Valentzian eta Vila-Realen jokatuta. Argitzeko dagoena da utzita ala fitxatuta etorriko litzatekeen Donostiara.
Bestetik, Fabrizio Romano fitxaketen adituak dio talde txuri-urdinak Caleta-Car atzelaria fitxatzeko asmoa duela. Frantziako Olimpique Lyon taldekoa da, kroaziarrak ere 28 urte ditu, eta futbolean ibilbidea egina du Salzburgo, Olimpique Marseilla eta Southampton klubetan.