"Ez genuen garaipena errepikatzerik espero"
Bitik bi. Bi aldiz parte hartu eta bietan garaile izan da Usandizaga kaleko taberna Zipotz jaietako pintxo lehiaketan. Hiru urte eskaseko ibilbidea du Bidassoa Tap Roomek eta auzoan barneratzeko ahaleginean dabiltzala dio Morris Ramirezek.

Bi aldiz parte hartu duzue Zipotz jaietako pintxo lehiaketan, eta bietan irabazi…
Lokalean hiru urte daramatzagu, baina iaz jarri genion Bidassoa izena. Horrela parte hartzeko aukera izan genuen hegaluze tartar batekin. Aurtengo pintxoa ona zegoen, baina, egia esan, ez genuen garaipena errepikatzerik espero. Gainerako partaideen pintxoak ikusita, maila ona zegoen. Gutxi ginen, zortzi-hamar, baina Marrumak esaterako, pintxo interesgarria zuen.
Baina zuena izan zen onena. Zer zuen?
Buztan gisatu takoa zen. Tabernan takoak ditugunez, tortilla frijitu eta tako kurruskari bat egin genuen; buztana gisatu, eta gozo-pikantea den zuhaitz-txile maionesa batekin eta ozpinetakoekin lagundu. Oso ona zegoen.
Zergatik aukeratu zenuten pintxo hori?
Takoaren moduko banakako mokaduak gustatzen zaizkigu eta klasikoa izan daitekeen plater bati ukitu berezia ematea. Zerbait klasikoa hartu, baina gure erara egin, ukitu pikantearekin… Buelta bat eman. Uste dut hori izan dela irabazteko aldea egin duena, klasikoa eta pikantea lotzea. Zalantza egin genuen pikantearekin, baina osagaiak nabarmentzeko erabiltzea gustatzen zaigu. Akaso, hori izan da. Baina, benetan, besteetako edozeinek irabaz zezakeen, pintxo oso goxoak baitziren.
Zergatik erabaki zenuten parte hartzea?
Jarduera oso polita da. 50 bat lagunek izena ematen dute pintxoak dastatzeko eta tabernaz taberna doaz txarangak lagunduta. Girotxoa sortzen dute.
Bezeroen artean jakin mina piztu al du pintxo irabazleak?
Bai. Galdetu digute pintxoagatik. Uste nuen nork irabazi zuen soilik jakingo zutela, baina probatu nahi dutenak badaude. Eskaintzara gehitzeko asmoa dugu.
Iaz tortilla lehiaketa ere irabazi zenuten, eta aurten, epaile izatea egokitu zaizue.
Bai. Asko gustatu zait taberna batek ez irabazi izana. Ez hater izateagatik, tortilla etxean egin zuen norbaitek irabazi zuelako baizik. Eta oso ondo egin, gainera!
Zein da zuen historia?
Garagardotegia bat gara. Lehen, Irunen genuen fabrika eta lokala; duela urtebete, ordea, taprooma —fabrika baten barruko taberna— hona lekualdatu genuen. Berezko garagardo ekoizpen horrekin ondo uztartzen diren platerak eskaintzen saiatzen gara. Kartan beti gomendatzen dugu garagardo bat edo estilo bat. Giro oso atsegina da, informala. Auzora egokitzen ari gara, horregatik parte hartzen dugu lehiaketa eta jaietan, auzotarrengana gerturatzeko eta indartzeko. Garagardoa beti eskuan, gauza desberdinak egiten saiatzen garen frikiak gara.
Nolako izaten da uda garaia tabernan?
Lokala oso handia da. Ia urte osoan hamaika lagunek lan egiten dugu; udan, berriz, hogeik. Udaz kanpo jendea etortzea zailago izaten denez, jarduerak egiten ditugu, hitzaldiak, Trivial gauak… Udaran, aldiz, hori alboratu eta ostalaritza kontuetan ibiltzen gara buru-belarri. Lokal handia, hondartzatik gertu…
Eta Zipotz Jaiak?
Primerakoak. Kontzertuak hemen ondoan egiten dituzte eta txosnetan gure garagardoaren iturri bat jarri dute.Beti da ona auzoari ekarpena egitea. Giroa ere. Pena da Karmengo jaiekin bat egin dutela aurten… Baina festa apartak dira eta jende asko animatzen da parte hartzera, gazteak, bereziki.