Bulebarreko puntu morea zabalduko dute larunbatean, Aste Nagusian indarkeria sexistako kasuak prebenitu eta artatzeko
Arreta 24 orduz emango da baliabide honen, Emakumeen Etxearen eta Berdintasun Departamentuaren telefonoaren bitartez

Donostiako Udalak Aste Nagusia indarkeria sexistarik gabe ospatzeko deia egin die herritarrei. Festak hasteko egun gutxi falta direnean, udalbatzako kideak elkartu egin dira “gure hiriak mota guztietako indarkeriazko jokabideak gaitzesten dituela” gogorarazteko, eta jaietan eraso sexistak eta sexu erasoak prebenitu eta horiei aurre egiteko uda honetan abiarazi den kanpaina aurkezteko.
Larunbat honetan, Aste Nagusiaren hasierarekin batera, Udalak gogorarazi nahi izan du festak hasi eta hilaren 17an amaitu bitartean arretarako zenbait gune eta zerbitzu egongo direla erabilgarri, 24 orduz, indarkeria sexistako kasuak gertatzen badira erantzuteko.
Hala, besteak beste, Bulebarrean puntu more bat egongo da, kiosko zaharrean. Profesionalek aurrez aurreko arreta emango dute, 13:00etatik 05:00etara. Bestalde, erabilgarri egongo da Emakumeen Etxearen baliabidea, Okendo kalearen 9. zenbakian, 05:00etatik 10:00etara arreta ematen. Azkenik, urte osoan bezalaxe, Berdintasun Sailaren telefono zenbakira deitu ahalko da (630 934 994), eguneko edozein ordutan.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, “pertsona guztiek, emakume zein gizon izan, gure jaien programazio zabalaz askatasunez eta segurtasunez gozatu ahal izatea garrantzitsua da. Donostia guztiz konprometituta dago zentzu horretan, eta, beraz, gaur gure batasuna ikusarazi nahi dugu askatasun hori bortxatzen duen edozein ekintza edo jarreraren aurrean”.
Uda osoan
Kanpaina ekainaren 23an abiarazi zen, Festetan ere aske! Indarkeria sexistarik ez! lelopean, San Joan jaiak hasi zirenean, eta uda osoan egongo da martxan. Aurten askotariko material erabilgarria prestatu da, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa. Besteak beste, prebentziorako informazioa eta eraso sexisten eta sexu erasoen aurrean jokatzeko gomendioak bildu dira.
Neska-mutilentzako liburuxkak, liburuxka orokorrak, eskumuturrekoak, txapak, eranskailuak, lepoko zapiak eta telefono zenbakiak eta Emakumeen Etxeari buruzko informazioa jasotzen dituzten txartelak banatu dira.
“Kanpainaren helburua da jaietako eraso sexisten aurkako mezuak zabaltzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko ezagutza sustatzea eta indarkeria matxistaren aurkako jarrera proaktiboak bultzatzea”, adierazi du Ane Oiarbide Berdintasuneko zinegotziak. “Bi arlo jorratzen dira: batetik, prebentzioa eta, bestetik, arreta eta laguntza”.
Tabernetan ere banatu eta aurkeztu dira sentsibilizatzeko materiala eta jarduteko protokoloa. Xedea da baliabideak sustatzea tabernek ere gune seguruak izan ditzaten, tabernetan gerta daitezkeen erasoen aurkako jarraibideak ematea, halako establezimenduetan gertatzen diren eraso sexisten aurka sentikortzea eta horien aurrean jokatzen jakiteko tresnak ematea.
Kanpaina prestatzeko, “koordinazio lan handia” egin dute arlo guztietako arduradunekin auzoetako jai batzordeak, Jazzaldia, Donostia Festak, Udaltzaingoa, Gizarte Ekintza eta aterpetxeetako sailak).