Lillian Hellman gidoilariari eskainitako hamasei film bilduko ditu Zinemaldiko atzera begirakoak

Guztira, 1935etik 1999ra bitartean estreinatutako hamasei film luzek osatuko dute Lillian Hellman gidoilari estatubatuarrari eskainitako Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko atzera begirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa Filmoteca Españolarekin elkarlanean. Bestetik, Lillian Hellman. Ficción, memoria y compromiso liburu monografikoa argitaratuko dute. Egileak Maria Adell, Hannah McGill eta Nuria Vidal dira eta editore lanak Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak egin ditu.
Liburua gaztelaniaz eta ingelesez argitaratuko da, eta Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak sustatutako bildumaren laugarrena da, Claude Sautet, Hiroshi Teshigahara eta Italiako polizia zinemari eskainitakoen ondoren. Beste hainbeste egilek idatzitako hiru kapitulu autonomotan banatuta dago lana eta Hellmanen zinema jarduera nabarmenean jartzen du arreta. Halere, honako gaiak ere jorratzen ditu: bere antzezlanaren analisia, bere memoria liburu polemikoak, errealitatearen irudikapena, bere obra gehienaren substratu politikoa eta McCarthyren sorgin-ehizaren garaian egileak izan zuen posizionamendua.
Hellman gidoigile konprometitua
Lillian Hellman (1905-1984) urte luzez izan da “enigma erabatekoa”. Zinemaldiak bere lana gogoratu nahi du atzerabegirako honen bidez, eta Hellmanen obra zinematografiko guztia eskaini, funtsezkoa baita Hollywoodek joan den mendeko 1930eko hamarkadatik 1960kora izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko.
Hellmanek, besteren testuekin gidoia eginez edo bere antzezlanen egokitzapena egin zuen, eta honakoak nabarmendu dituzte: The Little Foxes (1941), William Wylerren filma, Hellmanek bere antzezlanean oinarrituta egindako gidoiarekin, eta Bette Davis protagonista dena; The Children’s Hour (1961), Wylerren beste lan bat, Hellmanen lan konplexu bat duena oinarri —eskola bateko bi irakasleren (Audrey Hepburn eta Shirley MacLaine) gaineko zurrumurru faltsuak jorratzen ditu—, eta Hellmanek berak gidoian parte hartu zuena; eta The Chase (1966), Arthur Pennena, Estatu Batuetako hegoaldeko gizartean hedatutako indarkeriaren eta arrazismoaren erradiografia azpimarragarria, Hellmanek Horton Footeren eleberrian oinarrituta idatzi zuena, Marlon Brando, Jane Fonda eta Robert Redford izanik protagonistak.
William Wylerrekin harreman oparoa izan zuen, aipatu bi film horiez gain, Wylerrek These Three (1936) ere zuzendu baitzuen, hots, The Children’s Hour antzezlanaren lehen bertsioa. Hain zuzen ere, zuzendariak eta idazleak berriz heldu zioten istorio horri The Children’s Hour filma ontzeko: ezustean, pertsonaia-azterketa modernoa da oso; izan ere, neskato batek bi irakasle maitaleak direla haizatu ondoren, gezurrak haien aurka egingo du gogor. Hellman eta Wyler elkarrekin aritu ziren, halaber, drama soziala eta zinema beltza uztartzen dituen Dead End (1937) filmean, eta The Westerner (1940) lanean —akreditatu gabe lan egin zuen Hellmanek western honetan—.
Genero beltzeko mugarri diren Uzta gorria edo Maltako belatza eleberrien egilea, ezkerrarekin eta AEBko Alderdi Komunistarekin konprometitua bera, oso presente dago Hellmanen Pentimento memoria-liburuan. Fred Zinnemannek Julia (1977) filma ondu zuen horretan oinarrituta, eta Jane Fondak gorpuztu zuen Hellman, Jason Robardsek jokatu zuen Hammetten pertsonaia eta Vanessa Redgrave izan zen Julia, idazlearen haurtzaroko laguna, nazismoaren goraldi betean Vienan topatuko duena. Hellmanen hirugarren liburu autobiografikoa, Scoundrel Time (1976), sorgin-ehizaren eta jokabide antiamerikarren batzordearen garaian ardazten da. Kathy Bates aktoreak Dash and Lilly telefilma zuzendu zuen 1999. urtean, Hammetten eta Hellmanen arteko harremana oinarri hartuta.
Orobat, kredituetan ageri ez bada ere, The Cowboy and the Lady (H.C. Potter, 1938) lanean eta ezkerreko zinemagintzaren film garrantzitsuenetako batean esku hartu zuen: The Spanish Earth (1937) dokumentala, Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa. Joris Ivensek zuzendu zuen, eta idazketan, gainera, Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleek ere parte hartu zuten.
Zinema klasikoari eskainitako jaialdia
2024az geroztik, Donostia Zinemaldiaren atzera begirakoa Klasikoak programaren baitan kokatuta dago. Programa hori Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bultzatzen dute, nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoaren jaialdi gisa. Horiek horrela, Klasikoak programak hiru ziklo biltzen ditu zigilu beraren barruan: atzera begirakoaren filmak, irailean Zinemaldian proiektatzen diren Klasikoak sailaren lanak eta Filmategiak urteko azken hiruhilekoan programatzen duen zikloaren tituluak.
Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.