Dantzak hartuko du Tabakalera, abuztuaren 11tik 14ra
Tabakalera Dantzan zikloaren seigarren edizioak dantza, musika, arkitektura-espazioa eta idazkera lotzen ditu
Abuztuaren 11tik 14ra, biak barne, Tabakalerako hainbat gune Tabakalera Dantzan zikloaren edizio berri baten lekuko izango dira. Donostiako Musika Hamabostaldiaren eta Tabakaleraren arteko lankidetzatik sortutako zikloak helburu ditu dantza garaikidearen esparruan sorkuntza sustatzea eta diziplina artistiko hori hedatzeko plataforma izatea.
Olatz de Andres Tabakalera Dantzan zikloaren komisarioaren hitzetan, aurten “zikloa osatzen duten sorkuntzak bereziak dira, eszena testuingurutik atera eta aurkeztuak izateko beste espazio batzuk hartzen dituzte, ezezagunarekiko jakinguratsu agertzen dien begiradak ikuspegi berrietatik akuilatzen jarraitzeko. Aproposak dira geure buruari galdetzeko zerk mugitzen gaituen, zerk itauntzen digun eta, publiko garenean, esperientzia artistikoak nola eraldatzen gaituen”.
Zikloa Musika Hamabostaldiaren baitan egiten denez, ezinbestean, dantza eta zuzeneko soinuaren arteko harremana oso presente dago hainbat piezatan: horietako hirutan zuzeneko musikaz gozatuko dugu; eta beste bati zuzenean ariko den DJ batek jarriko dio musika.
Abuztuaren 13an, saio berezia
Tabakalera Dantzan ekimenaren funtsezko beste oinarrietako bat dagoeneko ibilbide bat egina duten sortzaileei ikusgarritasuna ematea da, sorkuntza egonaldien bidez. Horietan, artista egoiliarrari erabateko askatasuna ematen zaio bere bilaketa artistikoak parteka ditzan. Orain arte egindako edizioetan, egonaldiak ezaugarri jakin baten inguruan egin dira: lehendabizikoan (2023), erakusketa batekin elkarrizketan lan egin zuen Blanca Arrietak; bigarrenean, musikari garaikideekin elkarlanean jardun zuen Myriam Perez Cazabonek, eta aurten Idoia Zabaleta koreografoak egingo duen egonaldian, proposatzen dena da dagoeneko hasita dagoen eta lantalde zabal batekin garatzen ari den lan-prozesu bati jarraipena ematea. Egunotan Idoia Zabaletak Idurre Azkue, Jone Amezaga, Jone San Martin eta DJ Bihotzarekin lanean dihardu, Orta edo nor-bat dantzan_pista de baile pieza prestatzen; eta emaitza abuztuaren 13an estreinatuko du Patioan.
Abuztuaren 11n, Laida Aldazek Tabakalerako eraikina hartuko du In Perspective/Tabakalera lanarekin. Eraikina hutsik egongo da, astelehenetan publikoarentzat itxita egon ohi baita. Dantza eta arkitektura uztartzen dituen ibilbide bat proposatzen duen proiektu hau gauzatzeko dantzari talde handi bat behar du Laidak, bere konpainiako hainbat dantzarik eta formakuntza prozesuan dauden dantza ikasleak besteak.
Abuztuaren 12an, LaCerda konpainiaren El Baile de la Zurda ikuskizuna taldean eta erraietatik dantzatzea eta horrek eragiten duen bultzadaren inguruko ospakizuna izango da; eta abuztuaren 12an (ordubete geroago), halaber, Melania Olcinak paisaia ukigarri bat sortuko du Tactus piezan; horretan, mugimenduz mugimendu eta harparen bibrazioz bibrazio, soinuzkoa denaren eta fisikoa denaren arteko mugak lausotzen joango dira. Azkenik, abuztuaren 14an, ostegunarekin, Estudios elementales muntaian, Jesus Rubiok eta Luz Pradok dantzaren eta musika-tresna bat jotzearen ekintzari buruzko gogoeta egingo dute, bi praktikak eta horien oihartzunak parekatuz; interpretearen mundura hurbilduko gaituzte, dantza eta musika-tresna bat jotzea oinarri hartuta.
Ordainpeko ikuskizunetarako sarrerak Kursaaleko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta quincenamusical.eus webgunean erosi ahal izango dira. Sarrerarik geratuko balitz, ekitaldi bakoitzaren aurretik Tabakaleran ere eskuratu ahal izango dira (eskudirutan soilik).


