Jaietan eraso arrazistei aurre egiteko deia egin dute piratek eta asanblada antirrazistak

“Donostiako Aste Nagusia bueltan da, baino gorputz eta errealitate ez-zurien gozamenak baldintzatua eta mugatua jarraitzen du; mairuak, bollerak, sudakak, transak, marikak, beltzak eta biak batera… eraso arrazistarik gabeko festez gozatzeko eskubidea aldarrikatzera gatoz!”. Mezu zuzen horrekin aurkeztu dute euren burua Donostiako Asanblada Antirrazistako kideek, Donostiako Piratekin batera egin duten elkarretaratzean.
Azaldu dutenez, gaur egungo jai giroa eta plazera, “zuria eta normatua” da hein handi batean, eta bestelako gorputzek jaian lekurik ez dutela uste dute. Honela, “jai testuinguruan, batez ere, sistema heteropatriarkal eta kolonialak eragindako bortizkeriak bistaratu eta biderkatu egiten dira”.
Jaietan, eta bereziki espazio publiko alkoholizatuan, “maskulinitate zuriaren harrotzea” datorrela uste dute, jarrera “arrazista eta biolentoak” areagotuz. Honela, gizon zurien “plazera edo amorrua” erdigunetik kentzeko deia egin dute.
Inguruko herrietan izandako erasoekin kezkatuta, eraso arrazisten protokolo bat egin dute, eta erasoak identifikatu eta kontzientzia zabaltzea espero dute. Hain zuzen, gogoeta egitera deitu dute, jaietan kale egoeran dauden pertsonen egoeraren okertzearen aurrean edo kale saltzaileekiko jarrera iraingarriak adibide jarriz.
Era berean, irtenbide polizial eta punitibistak kritikatu dituzte, estatuaren indarkeria arrazista ez elikatzeko deia egiez. “Arrazakeriaren aurkako justizia baten alde, jar dezagun gorputza, esku har dezagun komunitatetik eta ez dezagun inolako polizia botere abusurik elikatu”.
Komunitate antirrazista antolatzeko deia eginez bukatu dute elkarretaratzea, eta aurrera begira, ekintza gehiago egingo dituztela jakinarazi dute.