Villa Saliak «gehienez, 120 pertsona» artatuko dituela salatu dute, kale egoeran 400 inguru dauden arren

Hiritarron Harrera Sareak eta Kaleko Afari Solidarioek gogor salatu dute Donostiako Udala Villa Salia egoitzaren irekieraren harira. Batez ere argipen falta salatu dute, baina baita ere udal zerbitzuak pertsona gutxiago artatuko dituela. 120 lagunek jaso ahal izango dute zerbitzua, azken zenbaketaren arabera, kale egoeran 400 pertsona inguru dauden arren.
Uztailean ireki zuten eguneko udal zentroa, eta salatu dutenez, kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten eragileek prentsaren bidez izan zuten irekieraren berri, “ia modu klandestinoan ireki” izana deitoratuz. Salatu dutenez, duela urte bete baino gehiago udalarekin parte hartze prozesu bat egin zuten zerbitzua diseinatzeko, baina prozesu hura “denbora gutxian bertan behera geratu zen” eta prentsaren bidez baino ez dute izan proiektuaren berri.
Eragile hauen ustez, gezurra da zerbitzua “indartu” egin izana. Izan ere, “Hestiara joaten zirenak baino askoz jende gutxiagok” izango du sartzeko aukera: “Gehienez 120 izango dira (eta 30 gehiago larrialdiak izanez gero), hiru txandatan, hiru egun astean, 2-3 orduz. Eta SMUSetik hautatuko dituztenak izango direla, ez dakigu oraindik ondo zein irizpideren arabera”. Gogoratu behar da, Hestiaren ordezkoa dela Jai Alain kokatutako zerbitzu berria.
KASek eta Harrera Sareak diotenez, profesional gehiago izango dira Villa Salian, eta, beraz, zerbitzua jasotzen duten pertsonen “arreta kalitateak” hobera egingo du, baina horren ordaina, jendea kanpoan utzi behar izatea da: “Argi dago pertsona gutxi horiek (kanpoan geratzen diren guztien aldean) askoz arreta duinagoa eta pertsonalizatuagoa izango dutela, baina zer gertatzen da beste guztiekin?”.
Eragileek zalantza dute Hestia eguneko zentrotik kudeatzen ziren hainbat zerbitzuren inguruan: “Sentsazioa da Villa Saliarako hautatutakoen kupoan sartzen ez direnentzat ez direla beteko”. Honako zerbitzuak aipatu dituzte, besteak beste: dutxetara sarbidea, garbigailuak, garbiketarako kita, Curriculum Vitaea egitea, logela bilatzea, Lanbiderekin hitzorduak eta gestioak egitea, medikuen eta osasun mentalaren arloko hitzorduak eta koordinazioak, dokumentazioa eta motxilak gordetzea.