Illunbe berrian zezenketarik egin ez dadila eskatu dute dozenaka lagunek festen atarian

Ehun lagun inguruk bat egin dute larunbat arratsaldean Zezenketen Aurkako Gipuzkoako Plataformak deitutako manifestazioarekin. Aste Nagusia hasi baino ordubete lehenago aurrera eramandako mobilizazioaren xedea Illunbe birmoldatzeko proiektuan zezenketak eta horretarako prestatutako guneak sar ez daitezen eskatzea izan da. Zezenek sufritzen dutela ulertzen ez dutenei galdegin diete begiak zabaltzeko, “baina batez ere, bihotza”.
Bulebarretik abiatu aurretik, Pilar Otegui eta Asier Esparza bozeramaileek manifestu bat irakurri dute. Mobilizazioa “donostiarrek mahai gainean emandako kolpea” dela adierazi dute, eta zuzenean eskatu diote Eneko Goia alkateari berrazter dezala Illunbe berria zezenketetarako gaituta mantentzeko erabakia. “Donostiarren mezua irmoa da: ez dugu tauromakiarik nahi” eta horren adierazletzat jo dute hirian zezenketak urtean hiru egunez besterik ez aurrera eramatea eta ikuslegoaren gehiengoa kanpotarra izatea.
Horregatik, “eskandalutzat” eta “etika faltatzat” jo dute diru publikoarekin ordainduko den Illunbe berrian zezen plaza bat jartzeko aukera. Horretara bideratutako diruari bestelako helburu bat ematea proposatu diote: Kirola, kultura, artea, musika edota komunitatea; “inoiz ez tortura”. Ildo beretik, erakundeei dei egin diete etikaren, errukiaren eta, batez ere, hiritarren mesedera aritzeko eta ez “babestutako sadismoarenera”.
“Donostian zezenketarik ez” oihu artean amaitu dute hitzartzea eta abiatu dute manifestazioa, Erdialdeko kaleetan barrena. Gaurko protesta ekintza tauromakiaren eta eragilearen ustez animalien aurkako tratu txarrak eragiten dituzten beste jarduera batzuen aurka aurrera daramatzaten ekintzen barruan kokatzen da. Besteak beste, plataformak iragarri du galdera formala egingo dietela Gipuzkoako udal guztiei zezenketei eta sokamuturrari edo entzierroei buruz duten jarrerari buruzko iritzia eman dezaten jendaurrean. Oteguik azaldu duenez, jasotako erantzunak”gure sare sozialetan argitaratuko dira, herritar guztiek horren berri izan dezaten”.