«Jai batzorde eta auzo elkarteengatik ez balitz, jaiei dagokienean, hiriak ez luke funtzionatuko»
Amaratarrek auzoan bertan Aste Nagusiaz eta beste zenbait festaz gozatzeko egindako ahaleginaren aitortza gisa, Amara Berriko Auzo Elkartea (ABAE) gonbidatu du udalak gaur 'Artilleroa' abestera. Kanoikada bertatik bertara biziko duenetako bat Iñaki Olasagasti izango da. Festazalea eta saltseroa, zirrarari eusten ahaleginduko da.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuarekin batera festaren abiapuntua den Kanoikadan parte hartuko duzue. Zer meritu egin ditu ABAEk?
Donostia Festakekin eta udalarekin jai jarduerak antolatzeko urtetako lankidetza, bai Aste Nagusiaren bai Karmengo jaien prestaketan. Hori da arrazoi bakarra ohore hau jasotzeko. Ohoretzat baitut Artilleroa abesteko aukera izatea. Alkateak berak esan zuen aurkezpenean: antolaketan laguntzen duten elkarte, eragile eta norbanakoak gabe Aste Nagusia egiteak ez luke mereziko.
Zuek aukeratu zaituztete, ordea.
Egia da hein batean “erruduna” naizela. Hainbatetan zirika egin diot Jon Insausti zinegotziari Bera Bera, Reala eta beste joatea ondo badago ere, jai batzorde eta auzo elkarteengatik ez balitz, jaiei dagokienean, hiriak ez lukeela funtzionatuko gogoraraziz. Urtetako aldarrikapena izan da. Aurten lan eskerga egiten dugun GKE bat eta bizilagun elkarte bat goaz, eta erreferente moduko bat izan nahiko genuke, bide egin eta datorren urtean beste elkarte batzuk omentzea.
ABAEko nork jarriko dio ahotsa Artilleroari?
Jaien antolaketa lanetan aritzen garen zortzi lagun joango gara; gogotsu, abestu eta festan parte hartzera. Hasi gara urduri jartzen…
Entseatu beharrik izan al duzue?
Noski! Eta badakigu nola arnastu estrofa guztiak ondo abesteko. Elkartean entsegu bat egin genuen eta 40 minutuz aritu ginen. Kide batek abesbatza batean abesten du eta han aritu ginen airea nola hartu, ez dakit non jarri… Ikasita joan ginen udaletxera. Asteazkenean egin genuen entsegu orokorra han eta hamar minutu ere ez ginen egon, bi aldiz abestu genuen.
ABAEk 30 urte beteko ditu datorren urtean eta zu ia hasieratik zara kidea.
Karmengo jaietan danborrada bat atera nahi nuelako sartu nintzen. Urtean pasatzen joan ziren, hamabi urtez elkarteko presidente izan nintzen… Bideak eraman nau hainbat kontura, ardura nuela udal kontuez ikasi nuen… baina nire festazale izaera ez dut galdu.
Zer jai jarduera aurrera eramaten dituzue?
Amarakaldek auzo elkartearen hanka modukoa da; kalderero taldea eta auzoko danbarrada guztiak batzen ditu. Hortaz, danborrada eta kaldereroak, inauteriak, Karmengo jaiak, Amara Berriko eguna urriko bigarren zatian, San Tomas eta Olentzero. Bi hilabetean behin zerbait dugu.
Aste Nagusian Amara Berrin antolatzen diren ekitaldietan ere parte hartzen duzue. Nola?
Aspaldi esan nien udaleko kideei Araba parketik aurrera ere Donostiarik badela. Gutxika gauzak lortzen joan gara eta aurten lau egunetan ditugu jarduerak. Eskatzen diguten neurrian laguntzea da gure zeregina; egingo dena zabaldu eta bertan egon. Gainera, Bengoa DJ-aren berbenak iraun artean, karpa solidario bat jarri eta bertan jasotako guztia GKE bati ematen diogu. Aurten, Etiopia Utopiarentzat izango da.
Jaiak auzoetara iristeak zer garrantzia du?
Uste dut joera gero eta gehiago norbere auzoan geratzea dela. Pandemiak ere hori irakatsi digu: dirua auzoetan uztea. Auzoetara zabaltzea ona da, dibertsifikatu egiten du, Parte Zaharrak datozen guztiak ditu. Auzo elkarteak egiten dituen gauza guztiekin gure nahia izan da amaratarrek Erdialdera edo Parte Zaharrera joateko beharrik ez izatea. Berezko Aste Nagusia izan dezagula, gure San Tomas dugun moduan. Auzoa egin nahi dugu.
Eta amaratarrek erantzuten al dute?
Kosta egiten da jendeak parte hartzea. Denak ez gara neurri berean festazaleak… Baina ezin dugu kexatu, jendeak gero eta gehiago parte hartzen du eta gustatzen zaio gauzak egitea auzoan.
Aste Nagusiaz gozatzeko paradarik izaten al duzu?
Pasa arte ez dut atsedenik hartzen, baina ez zait axola; disfrutatu egiten dut. Une bakoitzari zerbait ateratzen diot, esaterako, 14an etxera joan eta Festara! ekitaldira jaitsi beharrean, afari-merienda antolatu dugu eta gintonic-a hartuta joango gara. Nekatuta bukatzen dut, baina datorren urtearen esperoan; oso ondo pasatzen dudalako. Aste Nagusiak esan nahi du uda, festa, kalean egotea… Aprobetxatu egin behar da.
Ba al dago bereziki gustuko duzun jarduerarik?
Ia denak gustuko ditut. Bat nabarmentzekotan, begihandi bere tintan txapelketa. Ia denak gustuko ditut. 61 urte ditut eta berdin disfrutatzen dut. Alabek bospasei zituztenetik daraman saltsan sartuta, eta pentsa, 42 eta 38 urte dituzte. Festa izugarri gustatzen zait.