Kanoikadaren eztandak lehertu du Aste Nagusia

Artilleroa-ren azken doinua amaitu eta kanoikadaren burrunbak eztandarazi du Aste Nagusia. Une horren aurretik, ordea, giroa berotzen hasteko, kanoiari su emango zioten danborradako kideak Trinitate plazatik irten dira, eta dan or hotsa jarraituz joan diren herritarrak Alderdi Ederrerantz eraman ditu. Joselontxos eta Gauerdi txarangek ere lan bera egin dute, Parte Zaharrean eta Erdialdean aritu dira udaletxera heldu arte. Azken talde bat ere batu zaie, Itzurun erraldoi eta buruhandiek konpartsa, hain zuzen ere.
Udaletxean prest zeuden ordurako Gipuzkoako Elikagaien Bankuko eta Amara Berri Auzo Elkarteko kideak. Udal ordezkariekin batera mikro atzean jarri eta gogotsu abestu dute Artilleroa. Ondoren, musikak jarraitzen zuela baliatuta, dantzan egin dute. Haien ez oso urruti, berriz, bolbora pizteari ekin diote. Kanoiak eztanda egin eta serpentina zuri-urdinak hegan hastea, biak bat izan dira. Inguruan batu diren herritarrek ere oihu egin dute pozarren, festa hasia zen seinale.
Ekitaldiak batak bestearen atzetik kateatzen joango dira zortzi eguneko jaietan. Eta hala izan da lehen unetik. Alderdi Ederrekoak amaituta, Bulebarrera ematen duen udaletxearen fatxadara lekualdatu baita festa gunea. Izan ere, Aitana Grandes eta Josu Rodriguez DJek musika jarri baitiote holi festari. Koloretako hautsetan blaituta, dantza eta kantu egin dute inguruan zeudenek.


























































