Euskal dantzek hartu dute eguerdian Bulebarreko kiosko ingurua

Dantzan egiteko gogoz bertaratu direnak. Musika entzun, gerturatu eta gehitutakoak. Begira egon ondoren ausartu direnak… Hamaika arrazoi eta norberak berea, Bulebarreko kiosko inguruan dozenaka lagun batu dira gorputza eta oinak mugitzera. Begira zeudenak ere ez dira gutxi izan, eta denei meritua aitortu beharko bazaie ere, eguzkipean bero baitzegoen; dantzariei gehixeago, noski. Pieza arteko tartean atseden hartu eta ura edan behar izan du batek baino gehiagok jarraitu ahal izateko.
Jaiki Hadi musika taldeak jarri du doinua eta erritmoa. Banaka, binaka, taldean, eskutik, sueltoan… denetan aritu dira. Pieza bakoitza aurkezteaz gain, kideetako batek nola dantzatu ere azaldu eta erakutsi du, ez zekitenak ere beldurrik gabe saia zitezen. Zenbaitetan dantzan egin artean ere pauso bakoitza zein zen adierazi du, jarrai zitzaten. Baten bat erratu bada, ez da gehiegi nabaritu, jendetzaren artean zaila baitzen halakoak atzematea. Aitzakiarik gabe, beraz, alai eta barre artean dantzan egin dute.




























































