Milaka lagun Donostian, «palestinar erresistentziaren alde»

Milaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean Donostian, Palestinar erresistentziaren alde eta Israelekin harremanak suntsitzearen alde. Palestinar herriarentzako “ekidistantziarik” gabeko babesa eskatu dute eta antolakuntzarako deia egin dute, mendebaldeko gobernuak presionatzeko. Bulebarretik abiatu da Palestinarekin Elkartasuna taldearen protesta eta Sarriegi plazan amaitu da, baina jende gehiena plazan ezin sartu geratu da, jendetzaren ondorioz.
Palestinarekin Elkartasuna taldeak mendebaldeko gobernuen “hipokrisia” salatu du: “Gosetea planifikatua izan da, eta duela bederatzi hilabete iragarri zuten publikoki, Rafahko pasabidea erabat itxi zutenean”.
Mendebaldeak Israeli “aurpegia garbitzen” diola salatu dute, “2005etik Gaza setio etengabean” dagoelako, mendebaldearen “legitimazioarekin”. Ekintzaileen ustez, elkartasun “keinu minimoa” harreman oro apurtzea litzateke, baina uste dutenez, enpresa eta estatuek “negozioa egiten dute genozidioarekin”, baita “Asia Mendebaldearen kontrola” mantentzeko interesa ere.
Honela, “nazioarteko langileak antolatzeko” deia egin dute mobilizazioaren amaieran, palestinar erresistentziaren aldeko eta Israelen kontrako oihu etengabeen aurrean.





