Urgullen gotortu dira Pirata Bihurriak

Kai ingurua utzi eta mendira bidea hartu dute piratek igande eguerdian. Urgulleko Santiago bateriara igo eta bertako zelaia bere egin dute Pirata Bihurriek, eta horrek gauza bakarra esan nahi du: Haurrak dira nagusi. Haientzako jolasak prestatu ditu kofradiak eta horretan aritu dira bazkalordura arte. Oihal batekin pilota mugitu dute, ahoarekin ura hartu eta pitxarra nork lehenago bete edota traineru batean baleude moduan, urez betetako basoa elkarri pasatu diote.
Itzal faltan, bustitzeko batere beldurrik gabe aritu dira, eguzkipean azkar lehortu baitira. Are gehiago, jolasen artean ur pistolarekin aritu dira batzuk, beroaren aringarri. Taldeetan banatuta egin dituzten bi jolasetan ikusi da gaztetxoek galtzea ez dutela batere gustuko, arauak bete gabe eta tranparen bat edo beste egin baitute. Zerbaitegatik dira bihurriak…
Hala, bazkaltzeko ordua heldu da eta ogitartekoak banatuta, zuhaitzek emandako itzal azpian eseri dira, helduetako batzuek, aldiz, taberna inguruan zutik bazkaltzea nahiago izan dute. Horretan ari zirela heldu da erromeria girotuko zuen musikaria eta prestaketa lanei ekin die. Atseden hartu eta indarberrituta, dantzarako ordua heldu artean, sokatiran eta bestelakoetan aritu dira gazteak eta ez hain gazteak.

























































