Easo plaza bertsotan urtu da

Uda beteko eguerdi sargoria, berrehun aulki, oholtza bat eta bi mikrofono prest Easo Plazan. Soilik bi bertsozale eguzki argitan, gainontzeko guztiak itzalaren jolasean. Arbolapetara banan-banan mugitu dituzte eguzkitan kiskaltzen zeuden aulkiak eta bertatik 150 bertsozale inguruk gozatu dute bertso-inprobisatzaileen jardun txukuna. Oholtza gainean lau protagonista, lau bertsolari izerdi patsetan, Unai Elizasu gai-jartzailearen gidaritzapean: Eli Pagola, Andoni Rekondo, Uxue Alberdi eta Unai Gaztelumendi.
Beroa izan da hasierako agurren hizketa gai nagusia, Gaztelumendik “… bertso kantuan frexkatu asmoz/kiskalitako hiria” botata eman dio ongietorria Easoko entzuleari.
Elizasuk proposatutako eguneroko gaiei, egungo arazoei eta inguruko interesei zehatz-mehatz kantatu diete. Laukoteak lehen bertsoaldian ale ederrak utzi ditu bikote bat treneko komunera sartu eta hogei minutuz bertan egon dela ohartu den semearen harridura abiapuntutzat hartuz.
Gazara janaria parapenteetan lotuta jaurtitzen zituzten bi hegazkin piloturen barrutik ere bikain aritu dira Gaztelumendi eta Alberdi. Genozidioa eta gosetea goxotasunez aldarrikatu dituzte, txapelketa beteko bertsoaldi onenen gisan.
Sagueseko petrilean ilunabarra gozatzen ere egon dira Pagola eta Rekondo bikotea. Argazkilari bat hurbildu zaie ea atera berri dien argazkia sareetara igo dezaken galdetuz.
Hauetaz gain, puntu erantzunetan, librean puntutan eta XVIII. mendeko lau pirata zaharren paperetik aritu dira gaur egungo Donostiako piratei burla egin asmoz.
Txalo zaparrada eta algara ugari izan dira Donostiako Udalak antolatutako lehen bertso-saioan. Bero sapak bero sapa, gustura irten da Easo Plazatik bertsozalea. Gaurkoaz gain, izango dituzte parada gehiago bertsoaz gozatzeko Aste Nagusian zehar. Hemen hurrenez hurren aste honetako bertso-saioak:
- Abuztuak 12 asteartea 17:00etan Trinitate Plazan.
- Abuztuak 13 asteazkena 12:30ean Easo Plazan.
- Abuztuak 15 ostirala 12:30ean Easo Plazan.
- Abuztuak 15 ostirala bertso-poteoa 20:15ean Flamenkatik hasita.