Piratak nor baino nor ibili dira Lastan

Piratak bihurriak, saltseroak eta alaiak diren neurrian, jostalariak ere badira. Taldean aritzea ere gustuko dutenez, osagai denak batuta, kuadrilla jolasak egin dituzte bazkalostean, Lasta gunean. Jolasak eta prendak eginda puntuak biltzen joan dira sariak irabazteko nahian. Lehenik, partaideek aurkezpena egin dute, aukeratu duten gaiari lotuta: San Tomas egunaren amaiera, Korrika, ezkontza, despedida, arrauna… Horrekin lehen puntuak eskuratuta, bitan banatu dituzte. Kuadrillen erdi bat jarri dizkieten prendak osatu nahian aritu da karpatik kanpo, gainerakoak, aldiz, jolasean, estalki azpian.
Umore onez, prestu eta gogotsu ahalegindu dira partaideak. Ez dira trebezia berezirik eskatzen zuten zereginak izan; esan daiteke zailtasun handiena jolasa bera ulertzea izan dela. Hori ere erraza zen, itxuraz, baina, akaso, batzuk ez zeuden beraien onean. “Simonek dio” tranpatian argi gelditu da. Ondoren, tarte bera hamaika modutara osatu dute: bidea eginez mugitzen joan diren bi oinetako pareren gainean, kideen gainetik pasata, kideetako bat airean eramanez… Eta edan, helmugara iritsi diren bakoitzean. Halaber, distantzia bera baliatuta, ahoz aho pegatina bat pasatu diote elkarri, soka saltoan aritu dira, pintza batetatik salbu gelditzen ahalegindu eta mimikan ere saiatu dira.
Jokalariek puntuan nork irabazi dituen oso argi ez bazuten ere, antolatzaileek horiek banatu eta jaso dituzte. Ondo pasatzeaz gain, sariak ere baitzeuden jokoan.



























































