Igerilari bat hil da, Pasealeku Berriko 55. Zeharkaldian
lasterketako parte-hartzailea uretako motor batean eraman dute Kontxako hondartzara, eta sorosleak eta larrialdi zerbitzuak suspertzen saiatu diren arren, bertan hil da

Ostiral honetan egin den Pasealeku Berriko Zeharkaldian parte-hartzaileetako bat hil da. Uretako motor batean eraman dute igerilaria Kontxako hondartzaren ertzera, eta sorosleak eta larrialdi zerbitzuak ordu erdiz saiatu dira suspertzen, alferrik. Fortuna klubak, Zurriolako hondartza eta Kontxakoa lotzen dituen proba honen antolatzaileak, bertan behera utzi du sari banaketa.
Dirudienez, 12:40 inguruan gelditu zen uretan igerilaria, bihotzekoak jota. Berehala, uretako motor batek itsasertzera eraman du, ziztu bizian. Larrialdietako zerbitzuek artatu dute, eta bi anbulantzia ere bertaratu dira.
Kontxako hondartzan zegoen jai giroa erabat zapuztu da, eta antolatzaileek probako sari banaketa bertan behera uztea erabaki dute.
Fortunaren doluminak
Fortuna Kirol Elkarteak, probaren antolatzaileak, doluminezko ohar bat bidali du gertukoei babesa adierazteko: “Gaur oso egun tristea da. Fortuna Kirol Elkartetik gure doluminak adierazi nahi ditugu Paseo Berriko zeharkaldiko parte-hartzaile baten heriotzagatik». Donostiako kirol klubak jakinarazi duenez, “Osasun-taldeek azkar esku hartu ondoren, suspertzea ez da posible izan. Biziki hunkitzen gaitu galera mingarri horrek, eta bat egiten dugu haren familiaren, lagunen, kideen minarekin”.
Pasealeku Berriko Zeharbidearen 55. edizioa, Donostiako Aste Nagusiaren baitan, eguerdiko 12:00etan hasi da Zurriolako hondartzan, eta lehenengo lehiakideak Kontxako hondartzaren ertzera iritsi dira 35 minutu eskasetan, Pasealeku Berriko kostaldea inguratu ondoren.