Ehunka lagun, euskal preso eta iheslarien alde

Ehunka lagun elkartu dira aurten ere Sarek egin duen euskal preso eta iheslarien aldeko mobilizazioan: “Egoerak aurrera egin du nabarmen urtebetean”. Azaldu dutenez, 130 preso politiko zeuden iaz, eta 110 dira aurten. 130 horietatik 63 ziren beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari ziren euskal presoak eta, gaurko egunez, 50 dira. Gipuzkoarrak diren 43 presotik hemezortzi dira haien zigorrak erregimen itxian betetzen ari direnak.
Bestetik, azken urte honetan jarri da indarrean Frantziako estatuan betetako zigorren zenbaketan eragin duen lege aldaketa. Albiste ona da hori Sarerentzat, baina, azaldu dutenez, oraindik lau ebazpen besterik ez dira izan.
Sareren ustez, “aurrera” egiteko, “salbuespen lege eta politikak” gainditu behar dira: “Orain 30 urte sortutako legeak dira oraindik indarrean jarraitzen dutenak, orduan ere salbuespenezko lege zirenak, egun are salbuespenezkoago bihurtzen dira”.
Azkenik, Sareren kontrako eta presoen aldeko mezuen kontrako kriminalizazio kanpaina salatu dute. Zilegi eta demokratikoak diren aldarriak kriminalizatzeko nahia sumatzen da zenbait alderdi eta lobbyetatik”.
Konponbidearen bidetik, “elkarbizitza agertokietara jauzi egitea” ahalbideratuko duen “bakea” lortzeko lanean jarraituko duela adierazi du Sarek. Batetik, biktimek “horrenbeste behar eta merezi duten” egiaren, aitortzaren eta erreparazioaren eskutik etorriko dela aldarrikatu dute; eta, bestetik, “konponbide osoa” begietan edukita, preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen eskutik etorriko dela ere aldarrikatu dute.