Jendez inguratuta agur esan diote Aste Nagusiari erraldoi eta buruhandiek

Aste Nagusi osoan lan egin dutenetako batzuk Itzurun konpartsako kideak eta haiekin aritu diren musikariak izan dira. Hiriko zenbait auzoetan barrena ibili dira erraldoi eta buruhandiak auzotar gazteenen (eta ez hain gazteen) gozamenerako. Tamaina handikoek miresmena eragiten badiete haurrei, txikiek beldurra eta zirrara nahasten dituzten sentipenak sortu ohi dituzte. Haiekin jolastu nahi dute, maxkuria erabil dezaten zirikatu, korrika egin, gerturatu, baina ez asko… Zaletasuna nabaria da batzuengan. Lilura begiradez haratago, irudiak daramatzate eskuetan edota euren neurrira egindako erraldoiak dantzatzen dituzte.
Arratsaldean jai egunotan egindako lanaren ordaina jaso dute. Azken urteetan egin moduan, beraien ibilbidea osatu dute Erdialdeko eta Parte Zaharreko kaleetan barrena eta atzetik jendetza bazeramaten ere, bidean lagun gehiago gehitzen joan dira. Zuloaga plazan zain zeudenak ere asko ziren. Haientzat guztientzat egin dituzten azken dantzak, bai erraldoiek bai buruhandiek. Ukitu, argazkiak egin, bostekoak eman… Bertaratutakoen maitasuna jasota, datorren urtera arte agurtu dira.



































