Denon lepotik barre egin dute beste behin ere piratek

Eta, honekin bai, honekin amaitu da Aste Nagusia! Piratei aste bete motz geratzen zaiela eta, egun bat gehitzen diote Aste Nagusiari. Aurten hogeigarren urtez jarraian egin dute Irrikitaldia.
Irriz jositako ekitaldi honek, belle epoque garaiko Donostiaren parodia izan nahi du. Garaiko jauntxoak (eta gaur egungoak, bistan da) kritikatzeko sortutako ekitaldian, ez da uzten inor larrutu gabe.
Eneko Goia eta Odon Elorza dira pertsonaia maitatuenak, baina ez dira faltatzen Juan Karlos Izagirre (ezer ez esatera kondenatua) toreroa, apaiza, militarra, eta, azken urteotan, protagonismo bereziarekin, “hurrengo alkate” Jon Insausti.
Isuri Gutxiko Eremua, militarren kuartelak, San Bartolomeko proiektua, Jesusen Bihotza, turismoa… Batetik eta bestetik eman dute beste urte batez Piratek, urte osoan izandako proiektuez barre eginez, sarkasmoa kiloka gastatuz.
Belle epoque garaitik Donostia aldatu dela ezin uka. Baina garaian etxebizitzarekin eta turismoarekin arazoa zen, jauntxoen ondorioz, eta, egun baita ere. Eta, garaian, bazen Donostiako Maizterren Liga eta, egun ere, bada etxebizitza sindikatua (halaxe, oroitu dute hainbatek, Donostian garai hartan horren modan zen zapi beltz eta gorria soinean).
Ehun urteko aldean, aldatu dira gauzak, bai. Baina akaso ez hainbeste?