Terrazen ordenantzari alegazioak jarri dizkio Groseko Auzoa Eginez elkarteak

Auzoa Eginez Groseko elkarteak alegazioak erregistratu ditu Donostiako terrazen ordenantzaren bigarren aldaketaren aurka. Helburua da araudiak modu eraginkorrean berma ditzan “osasuna, atsedena, irisgarritasuna eta ingurumena”, eta ostalaritzaren jarduera helburu horietara egokitzea. “Osasuna eta atsedena ez dira luxua, eskubidea baizik. Eta espazio publikoa ez da ondasun komertziala, hiriaren bihotza da eta denona da”, esan du Julen Bengoetxea elkarteko presidenteak.
Aurkeztutako proposamenen artean, honako hauek nabarmendu dituzte: udan terraza guztiak ixteko ordutegia 00:00etara mugatzea eta urteko gainerako egunetan 23:00etara, “Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) gomendioen ildotik”; Gutxienez 2,50 m-ko oinezkoen pasabide librea ziurtatzea eta atariak eta etxebizitza edo higiezinetarako sarbideak babestea; Kaleak terrazaz gainezka egotea saihestea, espazio publikoaren erabilera komunari lehentasuna emanez.; baimendutako mugak lurrean seinaleztatzea eta zuhaitzetan edo hiri-altzarietan lotzea debekatzea;
Elkarteak gogorarazi du OMEk ezartzen duela kanpoko gaueko zaratak ez duela 40 dB-tik gorakoa izan behar, eta barrukoetan 30 dB-tik behera mantendu behar dela, atseden osasuntsua bermatzeko. Auzoa Eginez elkarteak behin eta berriz dio “inpunitatea Legea baino indartsuagoa” dela eta udala behartuta dagoela ezartzen dituen arauak betearazteko bitartekoak jartzera: “Ez egitea prebarikazioa da”.