Hamabi pelikulek osatuko dute Horizontes Latinos saila, mundu mailako bi estreinaldirekin

Zinemaldiaren 73. edizio honetan Horizontes Latinos sailak barne hartuko dituen hamabi pelikulak aurkeztu dituzte gaur. Batetik, bi filmen mundu estreinaldi izango dira, eta, bestetik, Cannesen, Berlinen, Venezian, Tribecan, Locarnon eta Toronton hautatutako eta saritutako filmak. Donostiarekin eta Zinemaldiarekin lotura duten zuzendari ugari izango dira sailean.
Hain zuzen, film hauetako batzuk Zinemaldiaren programen babesarekin aurrera atera dira (Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa, Ikusmira Berriak eta WIP Latam). Saila Espainian argitaratu gabeko urteko hamabi film luzeren sorta batez osatuta dago, Latinoamerikan erabat edo partzialki ekoitzitako film guztien artetik hautatuak, baldin eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzenduak badira edo esparru edo gai gisa mundu osoko komunitate latinoamerikarrak badituzte.
Ireki eta itxi, Txiletik
Lehiaketa inauguratuko duen Dominga Sotomayorren film berria Limpia, eta Maria Clara Escobar eta Marcelo Gomesen Dolores izango dira estreinaldiak. Sotomayor txiletarraren filmak Alia Trabucco idazle txiletarraren izen bereko best sellerra egokitu du; etxeko langile baten eta hark zaintzen duen sei urteko neskatoaren arteko harremana kontatzen digu bere lan berrian.
Sailari itxiera emango dio beste txiletar baten filmak: La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo filmak Diego Cespedesen (Santiago, Txile, 1995) lehen film luzeak Cannesko Un certain regard saria irabazi berri du. Western moderno bat da, eta protagonista, neskato bat, mendeku bila dabil bere familiari gizonen arteko maitasunarekin lotutako gaixotasun arraro baten errua egozten dion jendearen aurka. Txileko zinemagileak Nest saria irabazi zuen El verano del león eléctrico (2018) izeneko bere lehen film laburrarekin; bigarrena Las criaturas que se derriten bajo el sol (2022) izan zen eta Cannesko Semaine de la critique atalean parte hartu zuen, Zabaltegi-Tabakalera inauguratzeaz gainera.
Ekuador, Mexiko, Brasil, Argentina…
Ekuadorko Ana Cristina Barragan zuzendariak Hiedra / The Ivy aurkeztuko du. Ikusmira Berriak egonaldi programan garatu zuen bere proiektua, eta Veneziako Mostrako Orizzonti sailetik igaro berri da. Elias Kerejeta Zine Eskolako ikasle izandakoak bera baino gazteagoa den mutil batek traumatizatu duen emakume baten obsesioa kontatzen digu.
Fernando Eimbcke (Mexiko Hiria, 1970), Temporada de patos (2004), Lake Tahoe (Perlak 2008) eta Club Sándwich (Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra 2013an) filmen zuzendariak familia baten istorioa kontatzen digu, Olmo filmean –Berlingo Panorama sailean estreinatuan– , hamalau urteko nerabe baten begiradaren bitartez 1970eko hamarkadaren amaieran. Eimbckek presentzia bikoitza izango du Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan, Moscas bere hurrengo proiektu Moscasen work in progressa ere aurkeztuko baitu WIP Latamen.
Horizontes Latinos sailaren parte izango da, baita ere, Dolores, Maria Clara Escobar (Rio de Janeiro, 1988) eta Marcelo Gomes (Recife, 1963) zuzendari brasildarrena. Escobarrek Domingo film laburrarekin Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketan parte hartu zuen 2005ean, eta bere lehen bi film luzeek sariak jaso zituzten Lisboan eta Rotterdamen. Bere ibilbide luzean, Gomesek Cinema, aspirinas e urubus / Cinema, aspirins and vultures eta Era uma vez, eu Verônica / Once Upon a Time Veronica (2012, Donostiako Horizontes Sariaren aipamen berezia) lanak zuzendu ditu, besteak beste. Dolores mundu estreinaldi gisa emango da Donostian, eta haren protagonista 66 urteko emakume bat da, bere etxea saldu eta kasino arrakastatsu bat erostea erabakiko duena.
Iván Fund zinemagile argentinarrak (San Cristóbal, 1984) El mensaje / The Message film luzea erakutsiko du, 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan eta 2024ko WIP Latamen hautatua eta Berlinaleko Epaimahaiaren Saria Zilarrezko Hartza irabazi zuena. Piedra noche (WIP Latam Industria Saria 2020, Giornate degli Autori eta Horizontes Latinos 2021) lanaren egilearen lan berria road movie emozional bat da, non bederatzi urteko neskato batek eta haren tutoreak maskoten medium gisa irauten duten bizirik.
Un cabo suelto / A Loose End –2024ko WIP Latam Industria Sariaren irabazlea eta Koprodukzio Foroan hautatua 2023an– ere Horizontes Latinos sailean izango da, Veneziako jaialdiko Spotlight sailean estreinatu ondoren. Daniel Hendlerren (Montevideo, 1976) hirugarren film luze honetan, Argentinako Poliziatik ihesi Uruguaira iritsiko den behe mailako ofizial baten rola jokatzen du Sergio Prinak. Norberto apenas tarde lanarekin (2010) Zinema Eraikitzen Saria irabazi zuen Hendlerrek, eta sail horretan El candidatorekin (2016) ere egon zen, Koprodukzio Foroan hautatua izan ondoren.
Nayra Ilic Garcia txiletarraren (Santiago, Txile, 1977) bigarren film luze Cuerpo Celestek WIP Latam Onenaren Egeda Platino Industria Saria irabazi zuen iaz. Tribecan eta Guadalajaran aipamen bereziak jaso ditu filmak. 1990eko hamarkadan bizi den nerabe baten jarraipena egiten du, trantsizio garaia izanik Txilen, neskatoa bere aldaketa propioa bizitzen ari den bitartean, mundua ikusteko bere modua betiko markatuko duen aldaketa, hain zuzen.
Cecilia Kang (Buenos Aires, 1985) dokumental sortzaile argentinarrak fikziozko bere lehen lana erakutsiko du, Hijo mayor / Elder Son, Argentinan berriro hastea erabakiko duen familia korear baten ingurukoa. Locarnoko estreinatutako filmak zuzendaritza berri onenaren saria jaso zuen Concorso Cineasti del Presente sailean.
Lucrecia Martelek (Salta, Argentina, 1966) bere azken filma aurkeztuko du Horizontes Latinosen, Nuestra tierra / Landmarks, Veneziako lehiaketa ofizialean lehiaz kanpo aukeratua izan dena. Chuschagasta komunitate indigenako (Argentinako iparraldean) buruzagi Javier Chocobarren hilketaren kasua gogorarazten digu filmak. La ciénaga (Perlak, 2001) filmaren zuzendariak María Alché zinemagile eta aktorearekin batera idatzi du ez-fikzio hau.
Simon Mesa Sotok (Medellin, Colombia, 1986) bere bigarren filma erakutsiko du Horizontes Latinosen, Un poeta / A Poet izenekoa, Cannesko Un certain regard saileko Epaimahaiaren Saria jaso berri du. Amparo (2021) –Mesa Sotoren bigarren filma– Cannesko Semaine de la critique atalean saritua izan zen, Horizontes Latinosen ere parte hartzeaz gain. Un poeta pelikularen protagonistak –idazle gisa porrot egin duenak– idazteko gaitasun handia duen nerabe bat ezagutuko du.
Halaber, Cobre / Copper –Nicolás Peredaren (Mexiko Hiria, 1982) film berria– ere Latinoamerikako hautaketaren parte izango da; FidMarseille jaialdian aipamen berezia jaso eta Toronton hautatua izan ondoren. Perpetuum Mobile (Horizontes Latinos, 2009), El verano de Goliat (2011) –Orizzonti sariaren irabazlea eta 4+1: Mexikoko Zinema Garaikidea zikloan bildua– eta Fauna (Zabaltegi-Tabakalera 2020) filmen zuzendariak lanerako bidean gorpu bat aurkituko duen gizon baten istorioa kontatzen digu oraingo honetan.